Loitzate Goñi beratarra eta Ekhi Rojo eta Eneko Fernandez lesakarrak saritu dituzte Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 16:00
Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dute Saioa Alkaizaren iazko lan sarituan oinarritutako bertso saioa.

Ebatzi da Iruñeko II.Bertsopaper Lehiaketa. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketan 20 lagunek hartu dute parte (hamabi gizon eta zortzi emakume), 22 lanekin (bederatzi A kategorian, haurrenean; bi B kategorian, gazteenean; eta hamaika C kategorian, helduenean). Horietatik, zazpik eskuratu dute sariren bat, Amaia Telletxeak, Mikel Beaumontek eta Sustrai Colinak osatutako epaimahaiaren ebazpenaren arabera.

A kategorian, 2008 edo ondotik jaiotakoenean, Loitzate Goñi Elortza beratarrak eskuratu ditu lehenbiziko bi sariak: lehenbizikoa, Xauli izeneko lanagatik. Txakur bati eskainitako bertso sorta da, «maitasunez eta samurtasunez egina», epaimahaiaren hitzetan. Bigarren saria, egile beraren Baratzea lanak eskuratu du. Hirugarren saria, aldiz, Ekhi Rojo Rodriguez lesakarrak eraman du, Garai berriak izeneko lanagatik. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. 

B kategorian, 2004 eta 2007 artean jaioetakoenean, bi lan besterik ez dituzte aurkeztu. Lehen saria Nora Mendia Zabalza iruindarraren Barne n/hormez lanarentzat izan da eta bigarren saria Beñat Astiz Isasi barañaindarrarentzat izan da, Kea darion bizitza honi lanagatik. Irabazleek 350 eta 200 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.

C kategorian, 2003 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean alegi, Saioa Alkaiza Guallar antsoaindarrak irabazi du lehen saria, bigarren urtez jarraian, kasu honetan Habitat lanarekin. Epaimahaiak sortaren deskribapenen kalitatea nabarmendu du, baita «etxeko sofatik irten gabe» obrak lantzen dituen gaiek hartzen duten espektro tematikoa ere: maitasuna, genero indarkeria eta bakardadea, bertzeak bertze. Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalar lesakarraren Olinpora bidean lanarentzat izan da. Hirugarren saria, ordea, hutsik uztea erabaki dute epaileek. Irabazleek, 1500 eta 1000 euroko sari bana irabazi dute.

Iazko lan saritua, oholtzara asteazken honetan Nafarroako Antzerki Eskolan

Bertzalde, asteazken honetan estreinatuko da Saioa Alkaizak zuzendutako Biziraute Saiakera emanaldi berezia. Ikuskizunak iazko Bertsopaper Lehiaketako helduen kategoriako lehen sariduna du oinarrian; Saioa Alkaiza beraren Hiru pena mota bertso sorta, hain justu. Lan horretatik abiatuz, bertso saioa ondu du Alkaizak, bertze hainbat kidek lagunduta: Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea, Itsaso eta Haize Agirre musikariek iazko lan horretako bertsoak musikatu eta kantatuko dituzte, eta bat-batean aritzeko lau bertsolari izanen dira: Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi. Gainera, Maider Aldai diseinatzailea aritu da emanaldiaren atrezzoa eta euskarri grafikoak lantzen. 19:00etan hasiko da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 5 eurotan eskuragai daude aretoaren webgunean bertan, eta lehiatilan, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.

Hiru pena mota sortan, familia bereko hiru kideren -aitaren, amaren eta alabaren- barne mundua azaltzen zuen Alkaizak, horien krisi eta galdera existentzialak plazaratuz. Oholtza gaineko ikuskizunean, pena hori egon egongo da, baina eremu domestikora egingo du salto emanaldiak, eta umorerako eta bestelako gaietarako aukera ere izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun