Beti Gazteko neskek eta mutilek irabazi dute Nafarroako sokatira txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 25a, 09:00

Barasoainen jokatutako lehen finaletan Txantreako taldeei irabazi zieten eta Amaiur hirugarren izan zen nesketan.

Nafarroako sokatira txapelketa irabazi du Lesakako Beti Gaztek, gizonezkoek 620 kiloz beheitiko kategorian zortzinaka eta emakumezkoek 375 kiloz beheitiko kategorian seinaka. Bietan Txantreari irabazi zioten urriaren 23an Barasoainen jokatutako finaletan. Emakumezkoetan, zazpi urteren ondotik lehiara itzuli den Amaiur izan da hirugarren eta gizonezkoetan Berriozar.

Emakumezkoetan, seikote txapeldunean, Amaia Leiza, Irantzu Goienete, Maria Iantzi, Maialen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Arritxu Muxika aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela. Gizonezkoetan, berriz, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Guy Larralde (Ezpeleta), Unai Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Iñigo Alzugarai, Eneko Saldias eta Paskual Taberna aritu ziren, Julen Palenzuela entrenatzaile zutela.

Gizonezkoen nahiz emakumezkoen txapelketak erabaki ondotik, orain txapelketa mistoari (lau emakume eta lau gizaseme, 550 kiloz beheitiko kategorian) ekinen diote taldeek. Lehen jardunaldia urriaren 30ean izanen da Antsoainen eta bigarrena eta finalak azaroaren 6an Elizondon. Txapelketa honetan Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun