Alkaiagako Hidro Rubber enpresak Arizmendiarrieta saria jaso du bere eredu inklusiboarengatik

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 21a, 13:00

Irujo kontseilariak zuzendari nagusiari, Jon Angulori, eman dio saria.

Hasierako 17 hautagaietatik lau izan ziren finalista eta epaileek «enpresaren hobekuntzak langileen garapenean oinarritzen dituelako» aukeratu dute irabazlea.

Alkaiagako Hidro Rubber enpresak lehenbiziko Arizmendiearrieta saria jaso zuen atzo, zerbitzu eta industria-sektorean eredu inklusiboak saritzea helburu duen ekimena. Sariak emateko ekitaldian, Javier Remirezek, lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburuak, «garapen ekonomiko jasangarri eta inklusiboaren» garrantzia nabarmendu zuen, gizarte-eredu bakarra baitute helburu: «efizientea, argia, partizipatiboa, elementu guztien arteko sinergiarekin, justuagoa eta solidarioagoa».

Jon Angulok, Hidor Rubberreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «2008an hasi genuen aldaketa kulturala eta langileek hagitz ongi hartu zuten. Sariak bulkada bat ematen digu, egindako ibilbidea eta ematen ari garen pausuak aitortzen dituelako eta balioan jartzen dituelako».

Ibilgailuentzako kautxuzko piezak egiten duen enpresa da Hidro Rubber eta 2008an aldaketa kultural bat abiatu zuen langileak, «edozein enpresako elementu baliotsu eta konplexuenak», erdigunean paratzeko. 13 urte beranduago, Hidro Rubber enpresaren eredua erreferentziazkoa bihurtu da Euskal Herri osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun