Frantziako Salles herriarekin senidetu eta bisita itzuli diote Berako ordezkariek

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 20a, 17:00

Abuztuan Sallesko herritarrak eta hautetsiak izan ziren Beran, eta urriaren 9an eta 10ean bisita itzuli zieten beratarrek. Hala, dagoeneko ofizial egin dute bi herrien arteko senidetza ituna. 

Harrera hagitz beroa egin zieten Sallesen beratarrei.  Urriaren 9an, larunbat goizean harrera instituzionala egin zieten, herriko musika bandak alaiturik. Bruno Bureau alkateak eta Sallesko senidetze batzordeko lehendakari Fabianne Grelaudek senidetzearen oinarriak azalduz hitzaldia egin zuten. Berako alkate Aitor Elexpuruk ere senidetzean landu ditzaketen gaiak aipatu zituen, eta oparien elkar trukatze bat izan zen. 

Sallesera bertaratutako herritarrek bi egunez Salles inguruak ezagutzeko aukera izan zuten. Herriaren ondare kultural eta historikoan sakonduz, herriko ikastetxe eta kirol eta kultur elkarteetako ordezkariekin solastatu ziren, aurrerantzean landu ahal diren proiektuak mahai gainean jarriz. 
 
Hemendik aitzinera, helburua urtero elkarrekin ekitaldiren bat antolatzea da, eta bi herrien arteko harreman eta elkar ezagutzan sakontzea. Kultur, kirol eta hezkuntza arloko elkar trukeak egitea da bi herrien nahia, beti ere bi herrien berezitasunak errespetatuz, eta elkarrengandik ikasiz eta aberastuz. 
 

Sallestarren ekimena

Sallestarren ekimenez burutu da senidetze hau, beraiek izan baitira Bera herriarengan interesa agertu dutenak. Mugako herri batekin harremanetan jarri nahi zuten, tamainaz Sallesen antzekoa zena, eta euskal kulturan ere interesa erakutsi dute.
 
Frantzian, Akitania Berriko Gironda probintzian dago Salles, autoz Beratik ordu eta erdi ingurura. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun