Edukiontzi arrosak paratu dituzte Beran bularreko minbiziaz kontzientziatzeko

Ttipi-Ttapa 2021eko urriaren 19a

Edukiontzi arrosak Berako Toki Onako aparkalekuan

Urriaren 19an ospatzen da bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna, eta egun hori kari kontzientziazio kanpaina abiatu dute Ecovidriok eta Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak. Beira birziklatzeko bi edukiontzi arrosa paratu dituzte Berako Toki Onako aparkalekuan Beira birziklatu beraien alde kanpainaren baitan.

Ekimenaren helburua herritarrak beirazko ontziak birziklatzera mugitzea da, ingurumena zaintzeko eta, horrela, kausa solidario batekin laguntzeko: bularreko minbiziaren prebentzioarekin. Ecovidrioak edukiontzietan utzitako beirazko ontziak dohaintzan emanen dizkio minbiziaren kontrako lanean aritzen den Sandra Ibarra fundazioari. 

Birziklapen datuak

Kanpaina aurkeztearekin bat Bortzirietako birziklatze datuak eman dituzte. 2020ko datuen arabera, Bortzirietako biztanleek 419 tona beirazko ontzi birziklatu zituzten, hau da, biztanle bakoitzak 17,1 tona bana bertze. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun