Berako Toki Ona Institutuko ikasleak txapeldunorde izan dira NUPen XII. eztabaida lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 18a, 13:00

Xabier Ruiz Martikorena Toki Onako ikasleak hizlari onenaren saria irabazi zuen. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatuta, ortziralean eta larunbatean burutu zuten Iruñean XII. Eztabaida Torneoa. Lehiaketa Batxilergoko bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago, eta Berako Toki-Ona institutuko ikasleek bigarren saria lortu dute. Gainera,  Xabier Ruiz Martikorena ikasleak hizlari onenaren saria ere eskuratu du.

Laguntza publikoak murriztu behar al dira krisi ekonomikoetan? gaia abiapuntu hartuta eztabaidatu behar izan dute gazteek. Toki Ona institutuaren izenean Mikel Errandonea Garcia-Larratxe, Naroa Garbisu Etxabide, Xabier Ruiz Martikorena, Gaizka Yuste Pia eta Mendi Zubieta Iturriak hartu dute parte, eta Mikel Etxalar Elizaintzin filosofiako irakasleak prestatu ditu.

Ortziralean egin  zuten lehiaketako lehen saioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean eta finalerako txartela lortu ondotik, larunbatean izan zuten azken saioa Nafarroako Parlamentuko Pleno aretoan. Finala Navarro Villoslada ikastetxeko taldearen kontra jokatu zuten, eta Berako taldeak kontrako jarrera defendatu behar izan zuen.

Meritu bikoitza du Bortzirietako ikasleek egindako lanak, euskaraz ikasiagatik eztabaida guztia gazteleraz egin behar izan dutelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun