30 urte baino gehiagoz eskualdeko kirol kronikak idatzi ondotik berriki erretiroa hartu duen Jose Mari Telletxea Largo kazetaria omendu du Gure Txokoa elkarteak larunbatean Berako Matzada futbol zelaian, Gorengoen mailako taldeak Hondarribiaren kontrako partida hasi baino lehen. Jokalariek egindako pasillotik sartu zen zelaira Telletxea, txistularien laguntzarekin. Jon de la Cruzek Aurreskua dantzatu zion, Luis Irazokik oroigarria eman zion, Jabier Escagües entrenatzaileak taldeko kamiseta eta Jaione Dozagarat Gure Txokoako presidenteak lore-sorta eman zion Laura Irazoki emazteari. Ondotik, Gure Txokoako taldearekin argazkia atera zuen Largok.