Lesakako erdigunearen bigarren fasea egiten asteartean hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 15a, 17:00

Lehen fasean Beheko Plaza eta udaletxeko aitzinaldea berritu dituzte. Orain, plazatik Matxinbeltzenearako tartea eginen dute.

Bi ikastetxeetarako bidea oinez edo bizikletaz egiteko aholkua eman du udalak.

Lesakako erdigunearen eraberritze planaren bigarren fasea datorren asteartean, urriaren 19an hasiko dela jakinarazi du Lesakako udalak. Hori dela eta, Plaza Zaharretik hasita Matxinbeltzenearaino bidea itxita egonen da autoentzat. Zarandia karrika bi zentzutan irekita egonen da kotxez mugitu behar duenarentzako. Halere, herriko bi ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joateko gonbidapena egin du udalak, Zarandia karrikan autoen pilaketak ekiditeko eta beharrezkoak ez iren kotxearen erabilerak saihesteko.

«Oinez joatearen abantailak nabariak dira, bai haurren osasunean eta ongizatean, eta herrian ere aldaketa ttiki hauek izugarrizko onurak ekartzen dituzte» dio udalaren oharrak.

Azkenik, udalak bere prestutasuna erakusi du edozein kezka edota zalantza argitzeko. Horretarako, 948 63 70 05 telefonora deitu, www.lesaka.eus webgunera jo edo udala@lesaka.eus helbide elektronikora idatz daiteke.

Lanen bigarren fasearen mapa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun