MIREN ETXEPETELEKU

«Aldaketa txikiek gizarteari mesede egin diezaiokete»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 17a, 14:00
Zaragozako unibertsitatean ikasi zuen Terapia Okupazionala gradua Miren Etxepetelekuk eta orain Haur Hezkuntzarekin hasiko da.

Terapeuta okupazionalak hezkuntzan euren tokia izateko borrokan ari da Nafarroako Lan Terapeuten Elkargoa. Horren beharraz, terapeutek egiten duten lanaz eta egungo egoeraz aritu da Miren Etxepeteleku.

 Behar bereziak dituztenei «eguneroko ekintzak ahalik eta modu autonomo eta independenteenean egiten» laguntzean datza Miren Etxepeteleku San Julianen (Lesaka, 1995) lana. Laguntza emateak «zoriontsu» egiten zuela eta Terapia Okupazionala graduak horretarako bide ematen ziola ikusita, egin zituen ikasketak Etxepetelekuk eta ordutik hainbat alorretan aritu da: «eguneko zentro eta zaharren egoitzetan, Nafarroako Down Sindromearen Elkarteko kideekin eta haurren garapenean espezializatutako CEDI zentroan». Argi dio euren lana oraindik ez dela behar bertze baloratzen baina, modu berean, pixkanaka, «presentzia handitzen» ari delakoan dago. Gizarteak ikusten ez dituen beharrak erdigunera eraman behar direla uste du, «gaur batzuek dituzten behar horiek etorkizunean gure beharrak izan daitezkeelako».

Terapia Okupazionala ikasi zenuen. Bide hori hartu zenuenean argi zenuen zer zen?

Gradua aukeratu baino gutxi lehenago izan nuen Terapia Okupazionalaren berri, institutuan egin zizkiguten test gisako batzuetan. Haur Hezkuntzako gradua egitekotan nintzen, beti gustatu izan zait umeekin lan egitea, baina ez nuen hagitz argi. Azken erabakia hartu baino lehen aunitz irakurri nuen Terapia Okupazionalaren inguruan, Iruñeko ADACEN elkartea bisitatzeko aukera ere eduki nuen, bertako terapeuta okupazionalekin solas egin eta nituen dudak argitu ahal izateko.

Zehazki, zer da gradu horretan lantzen dena?

Terapia okupazionalak alor aunitz lantzen dituenez, gradua bera ere hagitz zabala da. Gorputzaren anatomia eta fisiologia, psikologia, soziologia, gaixotasun zehatzak… denetarik lantzen da. Baina, batez ere, terapia okupazionalaren funtsa zein den ikasten da, pertsona baten eguneroko ekintza edo okupazio esanguratsuak bilatu, zehatz mehatz aztertu eta hauetan autonomia eta independentzia irabazteko elkarrekin lan egin. Mundua, eta batez ere pertsonak, bertze begirada batekin begiratzen erakusten dute, pertsonetan eta euren gaitasunetan zentratzen, desgaitasunak alde batera utzirik eta gure lanaren protagonista aktibo bihurturik.

«Terapeutok hezkuntzan ekarpen handia egin dezakegu»

Aipatu bezala, alor aunitz ukitzen ditu...

Bai eta bizitzako etapa guztietara zabal daiteke, jaiotzetik heriotza arte, baita alor auni-tzetara ere: mugikortasuna, elikadura, norberaren garbitasuna, lana, jolasa, harreman sozialak...

Zer alorretan aritu zara lanean orain artean?

Orain arte hiru eremu nagusitan egin dut lan terapeuta okupazional gisa. Eguneko zentro eta zaharren egoitza dezentetan ibili naiz, Nafarroako Down Sindromearen Elkarteko kideekin lan eremuan  eta CEDI izeneko haurren garapenean espezializatutako zentroan.

Behar bereziko haurrekin aritu zara. Zehazki, zein da zure egitekoa?

Terapia okupazionalaren hel-buru nagusia, guregana ailegatzen den pertsonari eguneroko ekintzak ahalik eta modu autonomo edo independenteenean egiten laguntzea da, bere bizitzako edozein eremutan. Nik hauxe bera egiten dut umeekin, eguneroko ekintzetan izan ditzaketen arazoak aztertu eta jolasaren bidez landu, jolasa baita umeen egunerokotasunean okupaziorik esanguratsuena.

Nolakoa da haurren garapen zentroan egun arrunt bat?

Nire kasuan, goizean 09:00etatik 13:00etara egiten nuen lan, normalean lankideekin hainbat gai lantzeko elkartu, informeak idatzi, aitzineko eguneko saioetan egindako edo lortutako gauza esanguratsuak apuntatu, egindako balorazioak aztertu eta puntuazioak atera, eskola edo ikastoletara hurbildu gelak aztertzeko edo irakasleekin bilerak egiteko… Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 20:00etara, bakarkako saioak egiten nituen, jolasaren bidez eta umeen interesak jarraituz, lortu beharreko helburuak lantzeko. Beharrezkoa zenean, balorazioak egiteko edo gurasoekin biltzeko tarteak ere hartzen nituen.

«Arazoak edo trabak garaiz antzematea da garrantzitsuena»

Formakuntza da zuen lanaren bertze zutabe garrantzitsuetako bat…

Bai, terapia okupazionala hain zabala izanik, hamaika formakuntza daude eta lan eremuaren arabera batzuk edo bertzeak aukeratzen ditugu. Baina egia da etengabe ikastera eta jakintzak berritzera 'behartuta' gaudela, lan ahalik eta txukunena eta egokiena egin ahal izateko.

Erkidego batzuetan hezkuntzan ere izaten dira terapeutak, baina Nafarroan aukera hori ez da garatu. Zergatik eta zertarako behar dira?

Terapeuta okupazionalek hezkuntzan egin dezaketen ekarpena anitza eta zabala da. Haur eta nerabeek, ahalik eta modu autonomo eta independenteenean, eskolako alorrean parte-hartze eraginkorra izan dezaten lagun dezakete. Nola? Materiala eta ingurua euren beharretara egokituz, laguntza emateko materiala diseinatuz eta hauen erabilera entrenatuz, integrazio sentsorialerako izan ditzaketen arazoak landuz, jolaserako gaitasunetan trebatuz, irakasle eta eskolako langileei informazioa eta formakuntza emanez, etab. Zerrenda hagitz luzea da, baina arazo edo traba hauek garaiz antzeman eta lantzea da garrantzitsuena, etorkizunean larriagoak bilaka ez daitezen. Terapeuta okupazionalak hezkuntzan ere presente egoteko lan handia egiten ari dira COTONA-NALTE terapeuta okupazionalen elkargotik eta pixkanaka helburura hurbiltzen ari dira.

Terapeuten lanari behar bertzeko tokia ematen zaiola uste duzu? Zergatik?

Ez, eskolako adibidea garbia da. Terapeuta okupazional batek eskolan egiten duen lan zerrenda hagitz luzea da eta lan hau guztia egin gabe gelditzen ari da, horrek haur eta nerabeentzat dituen ondorioekin, eta egoera hau bertze eremu aunitzetan ere badago. Poliki-poliki terapeuta okupazionalen presentzia handitzen ari da hainbat zerbitzutan, baina oraindik aunitz dago egiteko.

Eta behar bereziko kideak dituzten familiek administrazioaren aldetik duten laguntza aski dela iruditzen zaizu?

Garbi dago ezetz, eskaintzen diren zerbitzuak geroz eta ani-tzagoak eta zabalagoak diren arren, itxaron zerrendak hagitz luzeak izaten dira, hamaika paper eta baldintza bete behar izaten dituzte zerbitzuetara heldu ahal izateko, bertze arazo aunitzen artean. Batzuek zerbitzu pribatuetara jo behar izaten dute, bertze herri edo hiri batzuetara, behar dituzten terapiak lortu ahal izateko, horrek  dakarren karga ekonomikoarekin. Horrez gain, kontziliaziorako arazoak ere nabarmentzekoak dira, familiek denbora aunitz behar dute tratamendu eta terapietara joateko...

«Zerrendak luzeak direnez aunitz pribatura joaten dira»

Zer aldaketa behar dira?

Zerbitzu publiko zabalagoa, gehiago eta gizartearentzat eskuragarriagoa.

Horren alde LHL erronkan ikusi zintugun...

Erleta eskolan laguntzaile gisa aritu nintzen eta opari bat izan zen Udane eta bere ama Iosune ezagutu ahal izatea, baita Udaneren tutore eta fisioterapeuta diren Uxue eta Amaiarekin, eta gelakide guztiekin lan egin eta ikastea ere. Testuinguru honetan, LHL erronka hurbilagotik bizitzeko eta erronkaren inguruan ibili zirenek egin zuten lan zoragarri eta eredugarria ikusteko aukera izan dut.

Nola bizi izan zenuen erronka?

Prozesua oso polita izan zen, bereziki erronkaren eguna. Iker eta Iraitz Linzatik abiatu ziren momentutik behin eta berriz begiratzen nuen mapa, nondik zebiltzan ikusteko; Iosunek, Udaneren amak, etengabe bidaltzen zizkidan argazkiak eta bideoak. Igande arratsaldean Leitzara joateko aukera izan nuen, Udaneren gelakideek pankarta bat egina zuten Iker, Iraitz eta Udaneri ongi etorria egiteko, eta bertan egon nahi nuen. Ailegatu ziren momentua hagitz hunkigarria izan zen.

Zergatik eta zertarako dira beharrezkoak horrelako ekimenak?

Horrelako ekimenek ahotsa ematen diote gizarteak ikusten ez dituen behar aunitzi. Gure bizitzan murgilduta bizi gara eta aunitzetan ez gara gure ingurukoen egoeraz ohartzen, burua pixka bat altxatu eta ondokoaren beharrak erreparatzea ezinbertzekoa da, gure egunerokotasunean gauza txikiak aldatuz gizarteari mesede handia egiten ahal diogulako. Gaur batzuek dituzten beharrak bihar gureak izan daitezke.

«Burua altxatu  eta ondokoen beharrak ikusi behar ditugu»

Epe luzera begira, non ikusten duzu zeure burua?

Ez da erraza… Aurten Haur Hezkuntza gradua egiten hasiko naiz eta ez dakit irakasle, laguntzaile edo terapeuta okupazional gisa, baina hezkuntza munduan ariko naizela uste dut.

 

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun