Are gehiago, «gazte independentistoi 1978ko erregimenaren ametsik gaiztoena izaten jarraitzea ezinbestekoa zaigula» gaineratu du Ernaik Berako elkarretaratzean: «Egun argitan gure herria militarki okupatzen dutenak direlako gauez eraso faxistak egiten dituztenak. Frankismoaren erreforma transakziorako baliatu zuen oligarkia bera baita gaur egun langileon bizitzekin jostetan ari dena». Ernairen iritziz, «horren ondorio da azken hilabeteotan oligopolio elektriko espainiarrak argindarraren prezioaren espekulazioarekin eragindakoa».
Auzitegiekin ere kritiko agertu da, «erregimenaren oinarriak erori ez daitezen funtsezko papera betetzen segitzen» dutelakoan: «Justizia espainiarra izan da usteldua dagoen monarkiari inpunitate osoa eman diona, eta aldi berean, inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak zuzendu dituena».
Ernai, ordea, «bertzelako Euskal Herria posible» dela sinetsita dago: «Garai nahasi hauetan, Euskal Herriaren eraikuntza helduleku bilakatu behar dugu. Orain inoiz baino gehiago, geure egitekoa euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea da». Hori urriaren 12an bezala, «egunerokoan» egiteko eskatu du; «herri eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko momentua da». Horrekin batera, «bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen segitzeko» deia luzatu du, «egunez egun langile sektoreon beharretara dagoen herria eraikitzen. Gazte borrokaz eta antolakuntzaz, duintasunak independentziaren forma hartuko baitu». Bide horretan, «Euskal Herria askea, sozialista eta feminista» aldarrikatu du.