Larunbatean hasi, eta abenduaren 19ra arte Asier Gogorzaren Autopsiak argazki erakusketa egonen da ikusgai Berako Labiaga ikastolako Areto Nagusian. Erakusketa larunbat eta igandetan egonen da ikusgai 16:00 eta 20:00ak bitartean. Larunbatean inaguratuko dute eta ekitaldi xume bat egingo dute erakusketa irekitzeko.
Bortz argazki multzok osatzen dute Autopsia erakusketa: Jendez hustu diren herriak, leiho itsuak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak eta lerroak, Okabeko mairubaratzetan egindako argazkiak. Argazki guztiek erakusten dute denbora batean bizi-bizirik zeuden paisaiak hil-hurren edo erabat hilik ailegatu direla gure garaietaraino.
Antolatzaileen hitzetan, «argazkilaria forense begiekin hurbildu da paisaia hoietara, bertara joan, bere begiz ikusi, benetan hilik ote dauden egiaztatu eta heriotzaren kausei buruzko zantzuak biltzeko».
Lehenagoko paisaia horiei agurra egiteko ariketa proposatzen du erakusketak: «Beti gibelera begira ibili beharrean behingoan aitzinera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusten ahalko ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak».