Eztegara, Kanttonberri, Altzate eta Uraldeko auzokideekin bildu da Berako alkatea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 15:30

Biharko hitzartuak dituzte hurrengo bilerak Itzean, Illekuetan eta Matzadan.

Aitor Elexpuru Berako alkatea herritarrekin biltzen hasi zen irailean, auzoz auzo hainbat gai lantzeko. Urriaren 7an Eztegarako, Kanttonberriko eta Altzateko eta Uraldeko auzokideekin elkartu zen eta erantzun ona izan zuen auzotarren aldetik. Joan den urteko proposamenak berrikusi eta hainbat ideia berri gehitu zituzten.

Udalak ostatuei terrazak paratzeko utzitako guneak izan zituzten hizpide, alkateak oharra pasatu diela jakinarazi zuen eta kenduko dituztela adierazi diotela. Uholde arriskuaz ere aritu ziren, Zia errekak zuhaitz aunitz ditu uhalde bazterretan eta arriskutsua izan daiteke gainezka egiten badu. Gainera, aspaldi dragatu zen eta berriz ere lehen bezala dago. Honez gain, herrian ibilgailuen gehiegizko abiadura eta ibilgailu pisutsuen pasatzeaz ere egin zuten solas, baita karriketako kableek ematen duten itxura txarraz ere. Bertzelako gaiak ere landu zituzten; udalak lanak egiteko Berako hainbat gremio kontratatzeari buruz, ongi ez aparkatzeagatik paratutako multei buruz eta abar.

Alkateak batzar gehiago eginen ditu urrian eta azaroan auzoz auzo. Hauek dira aurreikusita dituzten hurrengo bilerak:

Urriak 14

  • Itzea (Itzea etxearen atarian), 18:30
  • Illekueta (Konpareneko zubian), 19:15
  • Matzada (futbol zelaiko aldageletan), 20:00

Urriak 21

  • Bidasoa (Xubi Xabal inguruan), 18:30
  • Foruen Plaza eta Ipar karrika  (Ansonean), 19:15
  • Legardibea (plazan), 20:00

Urriak 28

  • Suspela (Garatxeko bordan), 18:30
  • Suspelttiki (ur deposituan), 19:30

Azaroak 4

  • Bortziriak  (auzoan), 18:30
  • Ibaialde, 19:15
  • Agerra (zelai gorrian), 20:00

Azaroak 11

  • Zia (Anguleroan), 18:30
  • Kaule (Maritxenean), 19:30

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun