Egun seinalatua izaten da Beran Lurraren eguna. Aurten, ordea, iaz bezala bertan behera utzi behar izan dute osasun egoera dela eta. Horren ordez, larunbat honetarako Azoka eguna antolatu du Berako udalak eta Berako Kultur Batzordeak.
10:00etatik 14:00etara Bortzirietako, Baztango, Malerrekako eta Xaretako eskulangileen eta janari ekoizleen azoka izanen da Merkatu plazan eta Altzateko plazan. Musikariek girotuko dute goizean zehar azoka.
Arratsaldean ere musikak presentzia izanen du. 17:00etan Olaia Iantziren kontzertua izanen da Altzateko plazan eta eguna bukatzeko muxikoak izanen dira 18:00etan Kiki Bordatxorekin.