Hala ere, bertsolaritzaren munduari lotuta segitzen du. Nafarroako emakume bertsolarien lantaldera bildu da, eta hor «motibazioa» bilatu du: «Nire kasuan ez dut inoiz plaza batean kantatu eta bertze hainbat emakume egoera horretan daudela ikusteak motibatu ninduen». Alde horretatik, «bertsolaritzaren inguruan segitzeko bulkada» izan dela iruditzen zaio. Bera bezala «plazetan kantatzen dutenez gain emakume bertsolari gehiago badirela» ikusteko bide eman dio, eta horrek «motibatu» du. Gaineratu duenez, «emakume bertsolarien egoera hobetzeko aurrerapausoa izan daiteke».
Bertzalde, Gure aldetara diskoan ere parte hartu du, eta «ilusioz betetako» lana izan dela dio, «gure barrenetik ateratako hitz erauntsia».
«Bertsotan ongi ibiltzen direnak bakarrik bukatzen dute plazetan kantatzen»
Nafarroako bertsolaritzan ere jarri du arreta eta gizonen eta emakumezkoen arteko aldeaz mintzatu da: «Gizonen artean ugaritasun handia» sumatzen du, «lotsik gabe ateratzen dira plazara». Bertzelakoa da emakumeen egoera bere ustez: «bertsotan ongi ibiltzen direnak bakarrik bukatzen dute plazetan kantatzen. Bertze guztiak, aldiz, bertsolaritzaren inguruko bertze lanetan murgiltzen dira».
«Gero eta neska gehiago» ikusten ditu bertso eskoletan, baina gero «guttik segitzen dute aitzinera», gaineratu du: «Azken urte hauetan neska aunitz apuntatu dira bertso eskolan eta aitzinera segitzeko gogotsu daudela ikusten zaie. Uzten duten gehienak lotsa dutelako eta batez ere plazetan kantatzera ausartzen ez direlako uzten dute». Hori horrela, argi utzi nahi izan du bere iritzia: «Bertsolaritza bizitzeko hainbat modu daude eta bakoitzak gustura dagoen tokia aurkitu behar du».