Lide IGOA

«Horrelako proiektuek bide aunitz irekiko dituzte»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 11a, 10:00

Lide IGOA FONTAN, Lesakako bertsolaria.

Bederatzi-hamar urte zituenetik dabil bertso munduan Lide Igoa Fontan (Lesaka, 2003), «eskolaz kanpoko jarduera gisa» bertso eskola aukeratu zuenetik. «Inguruko batzuk apuntatu zirelako» eman zuen izena eta errima eta doinu artean segitu du geroztik. «Urteetan aunitz ikasi» duela aitortu du, baina ez du plazarako pausoa eman: «ez naiz gai izan inoiz plazetan kantatzeko». Hori bai, «noizbait plazaren batean kantatzea gustatuko litzaidake, baina lotsa ematen dit pauso hori emateak».

Igoak ere Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoan parte hartu du eta «gogo handiarekin eginiko lana» izan dela azaldu du: «Nafarroako emakume bertsolari zein bertsoarekin lotura dutenen lanak biltzen dituen lan polita da». Bere kasuan, «ilusio handiz» kantatu omen zuen «gure bertsoak bertze lan eder batzuekin elkartzeko eta disko polit hau osatzeko».

«Pixkanaka-pixkanaka Nafarroako emakume bertsolariak leku gehiago hartzen ari dira eta gero eta plaza gehiago»

Bere irudiko, Nafarroako emakume bertsolariek «ez dute plazetan leku aunitzik». Eta horri buelta emateko, etorkizunean «lan gogorra eta luzea» egin beharko dela uste du. Hala ere, «pixkanaka-pixkanaka leku gehiago hartzen ari direla eta gero eta plaza gehiago» izanen dituztelakoan dago.

Bide horretan, «beharrezkoa» iruditzen zaio elkartzea, «bai gure artean gehiago ezagutzeko, baita Nafarroako emakume bertsolariak gehiago ezagutarazteko ere». Eta argi du «diskoa bezalako proiektuek eta diskoaren inguruan sortutako bertso saioek ibilbide honetan bide aunitz irekiko dituztela. Hala espero dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun