Iratxe MUXIKA

«Nafarroako emakume bertsolariek aunitz eman eta erakutsi digute eta oraindik aunitz dute kantatzeko»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 10a, 11:00

Iratxe MUXIKA KARRION, Lesakako bertsolaria

«Plazetan kantatzeko pausoa ez dut inoiz eman». Halaxe aitortu digu Iratxe Muxika Karrionek (Lesaka, 2002). Bederatzi urte zituenetik dabil bertso munduan, «lagunekin» bertso eskolan hasi zenetik: «Bertso idatziak kantatzen hasi ginen, eta denborarekin gure bertsoak egiten ere hasi ginen». Baina hortik plazarako pausoa ez du eman, eta irri artean dioenez, «ni bertso eskolan geldituko naiz».

Hala ere, Nafarroako eskolartekoan parte hartutakoa da eta lagunartean bertsotan ere behin baino gehiagotan plazetan ibilitakoa. Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoan ere parte hartu du, eta bere irudiko diskoa «aberatsa, freskoa, berezia eta hagitz polita» gelditu da.

Horrekin batera, Nafarroako emakume bertsolariak bildu izana «beharrezkoa bezain baliotsua» dela iruditzen zaio: «hagitz mugimendu polita da». Kopuruari dagokionez, berriz, «gutti» direlakoan dago, baina daudenak «bai onak!», aldarrikatu du. Gainera, «gero eta indar handiagoa» dutela nabarmendu du eta alde horretatik «kontent» dago.

«Nafarroan, zoritxarrez, entzule, bertsolari eta plaza guttiago daude»

Bertze herrialdeetan, Gipuzkoan edo Bizkaian, erraterako, «oro har bertsolaritza  babestuagoa» ikusten du Muxikak, eta hala, «gure bertsolariek bertsotan aritzeko are zailagoa» dutela uste du: «Nafarroan, zoritxarrez, entzule, bertsolari eta plaza guttiago daude». Hala ere, «Nafarroako emakume bertsolariek anitz eman eta erakutsi» digutela ikusita, sinetsita dago «oraindik ere anitz dutela kantatzeko». Horregatik, «etorkizun hurbilean plaza anitzetan kantari adituko ditugula» dio, «hala espero dut behintzat!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun