Ekhiñe ZAPIAIN

«Pausoak ematen ari gara, eta pauso horiek osatuko dute bidea»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 10a, 10:00

Ekhiñe ZAPIAIN ARLEGI, Berako bertsolaria.

«Ttikitan attak kantatzen zizkidan bertsoak adituz» bertsozale egin zen neska hark pauso handiak eman ditu geroztik. «Zortzi urte ingururekin bertso eskolan eman nuen izena, eta Lesakako bertso eskolara joaten hasi nintzen». Ekhiñe Zapiain Arlegik (Bera, 2002) Nafarroako eskolartekora egin zuen salto gero, «13 bat urterekin», eta geroztik ez da gelditu: 2020an Nafarroako eskolarteko txapela jantzi zuen eta 2018an eta 2019an txapeldunorde gelditu zen. Euskal Herriko eskolartekoan ere ibilitakoa da. Aurten, berriz, aurrekanporaketa arazorik gabe gaindituta –bera izan zen puntuaziorik altuena lortu zuen bigarren bertsolaria– Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko du.

Txapelketa beretzat «plaza berria» izanen dela dio, eta «gustuko dudan edo ez» ikusi nahi du. «Inongo presiorik gabe» joanen dela ere argi du, «probatzea» duelako helburu, eta «saiatzea gauza ederra» iruditzen zaiolako. «Aurrekanporaketa ongi atera zen, eta gustura kantatu nuen. Ikusiko dugu txapelketa nola joaten den, eroso nagoen ala ez. Horren arabera erabakiko dut hurrengo txapelketetan zer egin».

Ez da hori azken boladan bertsolaritzari lotuta Zapiainek sumatu duen aldaketa bakarra: «Azken bi urteetan aldaketa handia bizitzen ari naiz», aitortu digu. «Eskolartekoan kantatzeari utzi eta bertze plaza batzuk ezagutzeko aukera izan dut. Neure burua trantsizio horretan ikusten dut, plazak probatzen».

«Norbaiten babesa sentitzea beti da mesede, eta kasu honetan Nafarroako emakume bertsolarien sare horren parte izatea babesa izan da niretzat»

Bide horretan Nafarroako emakume bertsolariak biltzea «arlo aunitzetan lagungarri» egin zaiola onartu du, «babesa» sumatu duela: «Edozein bide hasterakoan beti da lagungarria ondoan laguntza eskainiko dizun norbait izatea, eta bertsotan ere hala gertatu zait niri behintzat». Gaineratu duenez, «norbaiten babesa sentitzea beti da mesede, eta kasu honetan Nafarroako emakume bertsolarien sare horren parte izatea babesa izan da niretzat. Badakit edozein zalantza, beldur edo dena delakoa izanda haiek ulertuko didatela».

Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoan ere kontent parte hartu du, eta «gurea» dela sentitzen du: «Denetarik du, eta gutako bakoitzaren zatitxo batek osatzen du. Agian ez dira munduko bertsorik onenak izanen, baina gureak dira. Uste dut aberasgarria eta ederra dela, diskoak gu garena islatzen baitu».

Biltzeko pausoa emanda, Nafarroako emakume bertsolarien etorkizuna ere «baikor» ikusten du Berako gazteak. Are gehiago, «orokorrean Nafarroako bertsolaritzaren etorkizuna ikuspegi baikorretik ikustea gustatzen zait. Uste dut pausoak ematen ari garela, eta pauso horiek osatuko dutela bidea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun