Bidasoko Ospitaleko ebakuntza-gelak berritu bitartean ebakuntzak Donostiara bideratzeak eztabaida sortu du

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 8a, 10:00

Bidasoko Ospitaleko ebakuntza-gelak, erreanimazio unitatea eta  zainketa kritikoen unitatea berritu nahi dituzte eta lan horiek iraunen duten 18 hilabeteko epean aitzinetik programatutako ebakuntzak Donostiako Onkologikora eraman nahi dituzte eta premiazko ebakuntzak Donostiako Ospitalera. Horrek, ordea, ezinegona sortu du langileen eta Bortzirietako eta Txingudiko herritarren artean.

Azken egunetan Bidasoko Ospitaleko hainbat zerbitzutako langileek salatu dute erabakia. Anestesia eta Erreanimazio Zerbitzuak, erraterako, bortz puntutan laburtu du egoera eta hala jakinarazi nahi izan die «Bidasoko eta Bortzirietako gure lankideei eta herritarrei».

  1. Alde batetik «erabakia alde bakarrekoa» izan dela salatu dute, «ospitaleko bertze kirurgia zerbitzuen iritzia kontuan hartu gabe hartutakoa».
  2. Horrekin batera, «Euskal Herriko ospitale publiko batean jarduera kirurgikoa bere osotasunean guttienez 18 hilabetez kenduko duten lehenbiziko aldia» dela kritikatu dute. Presako ebakuntzak eta aitzinetik hitzartutako ebakuntzak bertze ospitaletara bideratzeko asmoa dute.
  3. Proiektu hau tarteko, jarduera kirurgikoa «bertze hiri batera doala» ere jakinarazi dute, «25 kilometrotara». Hori, ordea, «gaixoei eta haien senideei bertze nahaste bat gehitzea» dela uste dute Bidasoko Ospitaleko Anestesia eta Erreanimazio Zerbitzukoek.
  4. Gisa berean, euren hitzetan, jarduera lekualdatu nahi duten zentro horrek «pazienteei ez die Bidasoko Ospitalean ematen ditugun kalitatezko zerbitzua eta segurtasuna emanen».
  5. Bukatzeko zera gaineratu dute: obrak iraunen duen 18 hilabeteko epean, «proiektuan ez dute aurreikusi ez larrialdietako ebakuntza-gelarik ezta zainketa-unitaterik ere».  

«Egungo proiektua birplanteatzeko eskatzen dugu eta herritarrei mobilizatzeko deia egiten diegu»

BIDASOKO OSPITALEKO ANESTESIA ETA ERREANIMAZIO ZERBITZUA

Egoera ikusita, «egungo proiektua birplanteatzeko» eskatu du Bidasoko Ospitaleko Anestesia eta Erreanimazio Zerbitzuak, «herritarren beharrak beteko dituena, kalte horiek guztiak sortu gabe». Horrez gain, «ordezko aukera» ere proposatu dute: «obrak faseka egitea edo bertze eraikin bat egitea». Bide batez, «herritarrei mobilizatzeko deia» egin diete, «denon artean proiektua zuzentzeko».

Idatzi honekin «lehendik traumatologia zerbitzuak, larrialdietako zerbitzuak eta ebakuntza-geletako erizainen zerbitzuak egindako adierazpenekin bat egin» nahi izan du Bidasoko Ospitaleko Anestesia eta Erreanimazio Zerbitzuak.

Gaiaren harira, Lesakako eta Berako udaletara jo du TTIPI-TTAPAk. Baina Aitor Elexpuru eta Ladis Satrustegi Berako eta Lesakako alkateek adierazi dutenez, ez dute gaiaren inguruko jakinarazpenik hartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun