Doako wifi ingurunea paratu du Berako udalak Matzadan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 7a, 14:00

Guzman Garmendia Nafarroako Gobernuko Telekomunikazio eta digitalizazio zerbitzuko arduraduna, Aitor Elexpuru alkatea eta Gesteleko ordezkari eta teknikariak, Matzadako aurkezpenean.

Gestel komunikazio enpresa arduratu da instalazioa egiteaz eta Bortzirietan ezarri duten doako lehen wifi ingurunea da.

Interneterako konexioa hobetu asmoz, Matzada futbol zelaian doako wifi ingurunea paratu du Berako udalak. Gestel telefono konpainiak egin du instalazioa, udalaren laguntzarekin. Bortzirietan gisa honetako lehenengo puntua izanen da Berakoa.

Erabiltzaileentzat 300 Mbpsko abiadura eskainiko du ezarri duten zerbitzu berriak. Doako wifia izanen da eta eta bi orduz etenik gabeko konexioa izan dezake zerbitzura konektatzen denak. Zehazki Matzadako harmailan dago kokatua.

Instalazio lanak bukatu ondotik, urriaren 7an, ortzegun eguerdian egin dute aurkezpena Matzadan bertan. Aitor Elexpuru alkatea, Guzman Garmendia Nafarroako Gobernuko Telekomunikazio eta digitalizazio zerbitzuko arduraduna, Patxi Recio Gesteleko zuzendari komertziala eta Javier Ubiria Nafarroako Gesteleko ordezkaria izan dira bertan eta zerbitzuaren xehetasunak aletu dituzte. Gainera, konexioaren abiaduraren proba egin dute aurkezpenean bertan, eta erran dutenez, fibra konexiorik ez duen etxetarako zerbitzuak ere 300 Mbpsko abiadura hartzen duela konprobatu dute.

Guzman Garmendiak azpimarratu duenez, «herritar guztiengana konektibitatea ailegatzeko urrats sendoa eman du Berako udalak instalazio honekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun