Ttikitatik pausoka
«Betitik» ibili da lasterka Elzaurdia, «atta lasterkaria izana da eta beti eraman gaitu lasterketetara. Zortzi urterekin ia igandero joaten ginen lasterketaren bat egitera». Zaletasun bihurtu zuen ondotik, eta duela sei urte, 19 urterekin, «fundamentuz entrenatzen» hasi zen.
Kirol bat baino gehiago da mendi lasterketa berarentzako, «nire eguneko momentua da, gauza guztiez deskonektatzeko balio dit eta primeran sentiarazten nau».
Lasterka bizitzen
Irailaren 4an Beran egin zen VII. Gau Krosa izan da Elzaurdiaren azken garaipena, baina podiora aunitzetan igo da. «Konstantzia da sekretua, entrenatzeari ez uztea. Batzuetan kostatzen da, eguraldiagatik, nekatuak gaudelako edo dena delakoa, baina forma mantentzeko konstantea izatea ezinbertzekoa da».
Astean sei egunetan entrenatzen du, «normalean lau saio lasterka eta bi bizikletaz, eta hauei gimnasioko saioak gehitzen dizkiot». Entrenatzaile bat dauka eta «berak agintzen duena egiten saiatzen naiz». Mendia du entrenamenduetarako lekurik gustukoena; «Manttale ingurua, dudarik gabe, aunitz gustatzen zait bertara igo eta ikuspegiaz disfrutatzea».
«Konstantzia da sekretua, entrenatzeari ez uztea»
Ane ELZAURDIA, mendi lasterkaria
Momentu txarrak bizi izan ditu kirolarekin, «Behobia- Donostia egiten ari nintzela erretiratu behar izan nuen ahul nengoelako. Gero, anemia neukala jakin nuen». Baina onurak kalteak baino aunitzez ere gehiago dira; «zaila da gauza bakarra aukeratzea, baina honen bidez ezagututako jendearekin gelditzen naiz».
Lasterkari aunitzek bezala, «nik ere noizbait Zegama- Aizkorrin parte hartu nahiko nuke». Hori da bere helburua, «baina oraindik gehiegixko iruditzen zaizkit 42 kilometro». Kanpoan lasterketaren batean parte hartzea ere «gustatuko litzaidake, Italian, errate baterako».
Kirola eta irakaskuntza
Haurrak ere gustuko ditu Elzaurdiak eta Lesakako Tantirumairu ikastolan irakaslea da, «hagitz gustura nago, etxetik bertan, eta gure artean ere primeran moldatzen gara».
Haurrak eta kirola uztartzen ditu Manttale Ttiki haurrentzako mendi lasterketa taldean; «haurrei lasterka egiteko oinarriak erakusten dizkiegu, teknika lantzen dugu, baita abiadura, erresistentzia eta bere neurrian indarra ere. Hau dena jolasen bidez». Ateraldiak ere egiten dituzte, «haurrek bertako mendiak ezagutu eta naturarekin disfruta dezaten». Ikasleek «mugitzeko eta kirola egiteko gogoa dute eta ederki moldatzen dira haien artean, bakoitza bere erritmoan».
Iaz ezin izan zen egitasmoa aitzinera atera, «baina aurten egitea gustatuko litzaiguke, eta nola egin aztertzen ari gara». Haur aunitz elkartzen dira atletismo eskolan, «bi talde egiten ditugu, 6-8 urtekoak alde batetik eta 9-12 urtekoak bertzetik, eta 30-40 haur inguru ditu talde bakoitzak. Egoera honekin ez da erraza hau dena aitzinera ateratzea, baina ziur aurkituko dugula egiteko modua!».
«Gelan eserita baino askeago daude haurrak mugimenduan»
Ane ELZAURDIA, mendi lasterkaria
Irakaskuntzan, «mugimendua behar-beharrezkoa da beraien garapenerako, disfrutatzen dute eta harreman sozialetarako ere ezinbertzekoa da. Haurrak askeago daude mugimenduan gelan eserita baino». Gainera, jarduera fisikoarekin «bizipenen bidez ikasten dute, egoera bakoitza disfrutatzen dute normalean eta disfrutatzen dugunean errazago ikasten dugu».
Honetaz gain, 'negulekuetan' ere ibili da Elzaurdia, Eguberrietako oporretan haurrentzako egindako ikastaroan. «Esperientzia positiboa izan zen, gustura ibili ginen. Goizetan eskulanak egiten genituen eta gosaldu ondotik jokoak eta jolasak». Egoerak uzten badu, aurten «berriz ere egiteko prest gaude».
Etorkizunera begira
Irakaskuntzan lanean segitzeko asmoa du Ane Elzaurdiak, «aunitz gustatzen zait eta haurrekin disfrutatzen dut». Kirolari dagokionez, «lasterka segituko dut, gauzak ongi eginez eta hobetuz. Lasterka eginez leku berriak ezagutu nahiko nituzke, Pirineo aldean lasterka ibiltzea, adibidez. Batez ere, disfrutatzeko egiten dut lasterka eta horretan segitu nahiko nuke».