Lizuniagako Igoeraren 40. edizioa izanen da larunbatean

Aurten, halabeharrez, izena lehendik eman beharko da, ezin izanen da probaren egunean apuntatu.

Urriaren 23an Lizuniagako Igoeraren 40. edizioa jokatuko dute Beran. Gure Txokoa elkarteak antolatu du lasterketa, larunbatean 17:00etan Eztegara pilotalekutik abiatuko dena Lizuniagaraino. 4,9 kilometroko igoera izanen da, %6,6ko batez besteko maldarekin. Proba 14 urtetik goitikoentzat zabalduta dago, eta aurten ez dute haurren krosa eginen.

Izen-emateak zazpi euroko prezioa du eta www.pb-organisation.com webgunean egin daiteke, baita 626 30 94 38 telefonora deituz edo lizuniaga.guretxokoa@gmail.com helbidera idatziz. Aurten, halabeharrez, izena aitzinetik eman beharko da, ezin izanen da probaren egunean apuntatu.

2019an ospatu zen igoera azken aldiz, eta bertan Chakib Lagchar morokoarrak hautsi zuen errekorra, lehen aldiz 16 minututik jautsi eta 15' 55" marka berria ezarriz. Emakumezkoetan Maika Ariztegi iturendarrak ezarri zuen errekorra 1995ean 20'18" denborarekin, eta dagoeneko 16 aldiz irabazi du proba. Norbaitek errekor hauetakoren bat hobetuko balu, 150 euroko saria izanen luke. Nabarmentzekoa da ere Batista Telletxea beratarrak edizio guztietan parte hartu duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun