Ortziralerako deitua dagoen itzalaldi elektrikoarekin bat egin dute Arantzako eta Leitzako udalek

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 6a, 14:00

Arantzako Udalak argiteria publikoa itzaliko du ortzirale arratsean.

«Argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka» itzalaldi elektriko masiboa eta kazola-jotzea egiteko deia egin dute estatuko hainbat alderdi politikok ortzirale honetarako. Deialdi horrekin bat egin dute Arantzako eta Leitzako udalek eta ortziralean 22:00etatik 22:30era argiteria publikoa itzaliko dutela adierazi dute. Horrekin batera herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete.

Deskonektatu elektriketatik! lelopean EH Bilduk, Esquerra Republikanak, Juntsek, Mes per Mallorcak, Benegak, Cupek eta Més Menorcak egin dute deialdia. Ortziralean, urriaren 8an, 22:00etatik 22:30era itzalaldi elektriko masiboa eta kazola-jotzea egitea nahi dute, gisa honetara «argindarraren prezioaren etengabeko gorakada» salatzeko.

Arantzako eta Leitzako udalek ere ortziralean ordu horretan argiteria publikoa itzaliko dute eta horrez gain, «herritar guztiei dei egiten diegu ekintzarekin bat egiteko eta kazola-jotzean parte hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun