Su-egur loteak eskatzeko epea ireki dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 6a, 13:00

Egurra etxean hartu nahi dutenek, bi neurriko loteak dituzte aukeran: bortz tonakoa (50 €) edo hamar tonakoa (100 €).

Egurra eskatu nahi dutenek bi modalitate dituzte aukeran: norberak egurra menditik ateratzea edo etxera ekartzeko eskatzea. Urriaren 31n bukatuko da eskaerak egiteko epea. 

Etxalarko Udalak  su-egur loteak eskatzeko epea ireki du. Eskatzeko epea urriaren 1etik 31ra izanen da eta, beti bezala, bi modalitate daude: norberak menditik egurra ateratzea, edota etxera ekartzeko eskatzea. 

Lehenbiziko aukera hautatzen dutenek, lotea eskatzerakoan 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta ondotik egurra prestatzeko lanen kostua ere ordaindu beharko dute. Udalak erabakiko ditu egur loteak zein alderditan aterako diren, eta eroritako zuhaitzak ere zozketan sartuko dira. Iaztik atera gabe dauden loteak aurtengo zozketan sartuko dira.  

2022ko martxoaren 31n bukatuko da egurra menditik ateratzeko epea. Epe horretatik aitzinera ateratzea debekatuta dago, eta gainera, ateratzen ez dutenek ezin izanen dute hurrengo urtean eskatu. Gainera, bide bazterrean utzitako loteak kentzeko bi hilabeteko epea izanen da, eta behin lotea menditik aterata dena garbi utzi beharko da. 

Egurra etxean hartu nahi dutenek, aldiz, bi neurriko lotea izanen dute aukeran: Bortz tonakoa (50 €) edo hamar tonakoa (100 €). Udala arduratuko da lotea atera eta eskatzaileak emandako lekura garraiatzeaz eta eskatzailearen ardurapean geldituko dira gainerako lanak. Lotea eskatzean zehaztu beharko da non utzi behar den, eta toki horrek sarrera egokia beharko du garraio kamioientzat. Behin eskaera eginda, ezin izanen da tona kopurua eta egurra uzteko lekua aldatu. 

Familia unitate bakoitzari egur lote bat banatuko zaio, eta eskatzaileak ezin izanen du loterik eskatu udalarekin zorren bat baldin badu. Egurra Etxalartik ateratzea debekatuta dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun