Pandemia garaian espazio publikoa okupatuz handitutako terrazak kendu beharko dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 6a, 10:30

Nafarroako Gobernuak larrialdi egoera urriaren 1ean bukatutzat eman zuela kontuan hartuta, larunbat arteko epea izanen dute Berako ostatuek pandemia garaian handitutako terrazak kentzeko.

COVID-19a dela eta, Berako Udalak espazio publikoa erabiliz ostatu eta jatetxeen terrazak handitzeko baimena eman zuen iazko maiatzean. Ostalaritza sektoreari laguntzea zen neurri horren arrazoia, edukiera murrizketei eta abarrei aurre egin ahal izateko. 

Osasun egoera hobetu eta Nafarroako Gobernuak urriaren 1ean ostalaritzako murrizketak kendu ondotik, baimen hori kendu egin du udalak. Berako udalak larunbat arteko epea eman die ostatuei iaz handitutako terrazak kendu, eta pandemia aitzineko egoerara itzultzeko. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun