ENHE Nafarroa sindikatuaren lantalde berrian Patxiku Irisarri etxalartarra da idazkari nagusi berria

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 4a, 19:00

Nafarroako EHNEko zuzendaritza berria, tartean Patxiku Irisarri idazkari nagusi berria dela.

Ortziralean Artikan egindako VII. Biltzarrean Fermin Gorraiz aukeratu zuten presidente eta Patxiku Irisarri idazkari nagusi.

Nafarroako EHNE sindikatuak bere zazpigarren biltzarra egin zuen urriaren 1ean Artikan, azken biltzarra egin zenetik bortz urte bete ziren egunean. Bertaratutako afiliatuen gehiengo zabal batek berretsi egin zuen hurrengo lau urteetan sindikatua zuzenduko duen lantalde berria. Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri izanen dira Nafarroako EHNEko lehendakari eta idazkari nagusi berriak, Nafarroako hainbat sektore eta zonalde ordezkatzen dituzten sei kiderekin batera.

Aurreikusitako eguneko gai-zerrendari segituz eta zuzendaritza berria berretsi aitzinetik, bertaratutako ordezkariek, azken bortz urteetan egindako lana jasotzen duen Imanol Ibero aitzineko presidenteak aurkeztutako txostena gehiengo handiz,onartu zuten.

Bertze aldetik, atera berri den zuzendaritzak bi txosten aurkeztu zizkion afiliazio guztiari, kongresuan zehar eztabaidatu eta zuzendu zitzan: bata barne-funtzionamenduari buruzkoa eta bertzea nekazaritza-politikaren gainekoa. Hauei egindako hamar zuzenketa iritsi ziren kongresu egunera eta guztiak bozkatu eta onartu egin zituzten. Bi txostenek jasotzen zituzten funtsa eta ideia nagusiak aldatu gabe, zuzenketa hauek ñabardurak egin dituzte, edo txostenek jasotzen ez zuten ideiaren bat gehitu.

Hala egin nahi izan zuen EHNEko kide orok hausnarketak egiteko tartea ere izan zuen. Erraterako, sektore jakin batzuen defentsan edo sindikatuak genero-mailan dituen gabezia batzuk, (emakumearen edo LGTBI kolektiboaren parte-hartzea, EHNEren barruan zein lehen sektorean) nabarmendu zituzten.

Azkenik, amaiera ekitaldian, Iparraldeko anaiatzat duten ELB, Iparraldeko sindikatuko ordezkari batek, EHNE Konfederazioko bertze batek, Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta EHNE Nafarroako idazkari nagusi eta presidente berriak hartu zuten hitza.

Hitzaldiek, nagusiki, Biltzarraren leloa hartu zuten ardatz, (Nekazaritza nekazarion esku), eta hitz-joko bat eginez, Patxiku Irisarrik idazkari nagusi berriak aipatu zuenez, «gu ere kontsumitzaileak gara eta, sinesten ez badugu ere, boterea gure eskuetan daukagu», erosketa saskitxoan zer sartzen dugun erabakitzeko ahalmena dugula gogoratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun