Beti Gaztek antolatutako argazki lehiaketara lanak aurkezteko azken astean sartuak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 28a, 19:00
Jone Otxoteko lesakarraren argazkian, joan den urteko lehiaketan saritua.

Urriaren 31 arte aurkez daitezke posta elektroniko bidez. Lehiaketan edonork har dezake parte. Gaia librea den arren, sari berezia izanen du kirol argazki onenak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake eta argazkiak koloretakoak zein zuri beltzean izan daitezke. JPG formatuan eta gehienez ere 1.200 pixeleko luzeera izanen dute.

Beti Gazte Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du aurtengoan ere Lesakako udalarekin elkarlanean. Argazkiak posta elektroniko bidez soilik jasoko dituzte eta argazki erakusketa osasun egoerak uzten duenean eta uzten duen moduan, online edo presentziala eginen dutela adierazi dute.

Lanak argazkilaritza@betigazte.net helbidera bidali behar dira urriaren 31 arte. e-Postaren gaian 'Argazki Lehiaketa 21’ paratu beharko da. Argazki bakoitzari izenburua paratu beharko zaio eta gai libreko lehiara ala kirol argazki lehiara aurkezten den jarri beharko du. Argazkia bidaltzen den e-postan egilearen datuak bidali beharko dira. (Izen abizenak, helbidea eta telefonoa).

Antolakuntzak izendatutako epaileek erabakiko dute nor den irabazlea eta erakusketa zabaltzen den egunean jakinaraziko dute bere izena, webgune eta sare sozialen bidez. Erakusketa presentziala izatekotan, Beti Gazte arduratuko da argazki guziak errebelatzeaz eta azaroaren 13tik 28ra izanen da. Aurkezten diren argazki guztiak Beti Gazteren webgunean ikusgai paratuko dituzte.

Lehen saria 375 euro eta trofeoa izanen da eta bigarrenarentzat 275 euro eta trofeoa. Beti Gazteko bazkideen artean argazki onenari 225 euroko saria emanen zaio trofeoarekin batera, kirol argazki onenari bezala.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun