Jardunaldiaren aurkezpena Aitor Elexpuru alkateak eginen zuen eta alderdi teknikoari dagozkion azalpenak Teresa Ferrer Gimenok, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Osasuneko arduradunak, eman zituzten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikariak diren Joseba Goikoleak eta Daniel Jimenezek ere azalpenak eman zituzten. Hitzaldia «hagitz interesgarria» izan zen, herritarrek galderak egiten parte hartu zuten eta erantzunak jaso zituzten denek. «Jendea kontzientziatzeko» baliagarria izan zen jardunaldia.
Zer dira eltxo tigreak eta nola jokatzen dute?
Eltxo tigrearen berezitasunetako bat da emeek ez dituztela arroltzeak uretan jartzen, ur-mailaren gainetik edo urpean egon ondotik agerian gelditzen diren eremu lehorretan baizik. Horrek arrain eta anfibio harraparietatik libre uzten ditu arroltze horiek eta, beroarekin eklosionatu ondotik, izurrite bihurtzen dira.
Intsektu hau munduko 100 espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan sartua dago. Moskito emeak, ziztadak egiten dituztenak, neurri txikikoak dira, kolore ilunekoak eta toraxean marra zuriak dituzte. Normalean egunez egiten dituzte ziztadak, baina egunsentian eta iluntzean aktiboagoak izaten dira.