Urriaren 1ean abiatuko da Etxalarren sare bidezko uso harrapaketa denboraldia

Ttipi-Ttapa 2021eko irailaren 30a

Eguraldiak laguntzen badu, sareak hedatzen hasiko dira Etxalarko usategietan ortziraletik aitzinera.

Larunbat, igande eta besta egunetan bisita gidatuak ere eskainiko dituzte.

Urtero bezala, urriaren 1ean, ortziralean hasiko da 2021eko Etxalarko Usategietako sare bidezko uso harrapaketa tradizionalaren denboraldia. 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago Etxalarren.

Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean egiten da, paleta edo makilekin usoei altuera jautsiaraziz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz. Hainbertze urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, tradizio hau gure ondare kulturalaren partaide da eta Kultur Intereseko Ondare (BIC) bezala izendatua dago.

Bisita gidatuak larunbat, igande eta besta egunetan

Urriaren 2an, larunbatarekin, tradizio zahar hau ezagutzeko bisita gidatuak ere martxan jarriko dituzte. Urtero bezala, urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dituzte bisitak. Euskaraz, bisita 10:00etan izanen da eta gazteleraz 12:00etan.

Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute eta sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean usoa etorriko balitz, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, betiere, eguraldia eta zortearen arabera. Bisitaren iraupena, ordu bat eta erdi ingurukoa da eta prezioa berriz, 5 eurokoa da pertsonako eta hamar pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4 euro bakoitzak. Bisitaz gain, ikus-entzunezko bat eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobe ikusten baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun