Txalo Produkzioak antzerki taldeak Losers (Galtzaileak) antzezlana eskainiko du urriaren 2an, larunbatean, 18:30ean Berako kultur etxean. Sarrera 7 euro gostako da eta aitzinetik salgai daude Agara prentsan. Berako Kultur Batzordeak eta udalak antolatu dute emanaldia, Nafarroako Antzoki Sarearen babesarekin. Marta Buchaca da antzezlanaren egilea eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktore ezagunak izanen dira oholtza gainean.
Sinopsia
Manuel eta Sandra adinean aitzinera doaz -ia berrogei-, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: Umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte. Eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izanen ez balute bezala.
Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat.
Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizinahi dute. Lortuko al dute…
Egilea: Marta Buchaca
Zuzendaria: Begoña Bilbao
Antzezleak: Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia
Jantziak: Kristina Martínez
Eszenografia: Asier Sancho
Argien diseinua: Julen Zaballa
Teknikariak: Alfredo Medina / Javier Guerra