'Jantzari' dokumentala urriaren 1ean izanen dute ikusgai Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 29a, 09:00

Ortziralean 19:00etan kultur etxean hasiko den emanaldiaren ondotik, Iurretako dantzariek solasaldia eskainiko dute

Gure Txokoa elkarteak, Kultur Batzordearen eta udalaren laguntzarekin antolatua, Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna (Bideografik, 2020) dokumentala ikusgai izanen da urriaren 1ean, ortziralean, 19:00etan Berako kultur etxean.  Berdintasun Ministeriotik jasotako kredituen kontura finantzatutako ekitaldia da, Berdintasunaren Estatu Idazkaritzako Genero Indarkeriaren kontrako Itunaren baitan. Dokumentalaren ondotik, Iurretako dantzariek solasaldia eskainiko dute.

Sinopsia 

2018ko San Migel bestetan dantzaren tradizioa inoiz baino biziago dagoela erakutsi zuten neska eta mutilez osatutako talde bat lehenengoz plazara ateriz. Talde hori izanen da dokumentalaren protagonista: Iurretako dantza talde nagusia osatzen duten zortzi neska-mutilak.

Bortz urtean behin herriko dantza talde guztiak Urrixena jaialdian biltzen dira Iurretan. Ospakizun horretan lehenengoz parte hartuko dute debutatu berriek (talde parekideak) bertze belaunaldi batzuetako dantzariekin batera. Entseguak, egun horretako prestaketak, eta plazan bizi duten emozioa izanen da dokumentalaren haria. Tarteka, Iurretako behinolako dantzarien testigantzak, ikerlarien iritziak eta bertze hainbat lekukotza jaso dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun