'Losers' antzerkia urriaren 2an Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 24a, 15:00

Urriaren 2an, larunbatean, 18:30ean Berako Kultur etxean izanen dira Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola umoristak haien azken lana aurkezteko, Losers. Berako Udalak eta Kultur Batzordeak antolatu dute antzerkia, Nafarroako Antzoki Sarearen babesarekin. Ikuskizuneko sarrerak eskuragarri daude Agara Prentsan 7 eurotan.

Sinopsia

Manuel eta Sandra adinean aitzinera doaz –ia berrogei–, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: Umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte. Eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izanen ez balute bezala.

Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat.

Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun