OAIA PERUARENA

«San Telmo Museoak nire lan bat erostea ustekabeko oparia izan da»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 22a, 20:00

Oaia Peruarena margolari beratarra (eskuinean), bere margolanetako baten aitzinean.

Oaia Peruarena Telletxea, Berako margolaria.

1972an jaio zen Irunen Oaia Peruarena, baina bortz urte zituenetik Beran bizi da. Artearekin lotutako bizimodua izan du eta orain kontent dago, San Telmo Museoak bere margolanetako bat erosi duelako. Bere ibilbideaz mintzatu zaigu.

«Espero ez nuen oparia izan da eta ibilbidean aurrerapauso bat bezala sentitzen dut». Halaxe dio Oaia Peruarena margolariak Donostiako San Telmo Museoak bere margolan bat erosi berritan. «Orain arte artelan gehienak partikularrek erosiak dira, nahiz eta horietako batzuk arte bilduma handiak izan», dio. Irailaren 10etik 12ra lehen aldiz Irekiak Galery Weekend erakusketa antolatu zuen Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) eta bertan ziren Peruarenaren lanak ere. Hain zuzen, San Telmok bere artelana erostea erakusketa honen sarietako bat izan da. Sariak sari, ez dago geldirik eta hurrengo erakusketak prestatzen ari da buru-belarri Berako tailerrean.

Oaia Peruarenak San Telmo Museoari saldutako margolana.

 

Noiz hasi zinen margolari lanean?

Betiko gauza da, ttikitatik gustukoa dudana.17 urtetan ikasketak utzi eta altzariak margotu eta zaharberritzen ikasi nuen eta horretan ibili nintzen hamar urtez, bortz Donostian ikastaroak ematen eta bortz Beran, klaseak emanez eta enkarguz altzariak margotu eta zaharberritzen. Baina horrekin batera beti nuen margotzeko beharra eta ikastaroak egiten nituen hainbat margolarirekin, horien artean garrantzizkoenak Jose Mari Apezetxea eta Tomas Sobrino.  Orain dela 18-20 urte konturatu nintzen aldaketa behar nuela eta margoaren deia gero eta handiagoa zela eta bertze guztia utzi eta horretan sartu nintzen buru belarri.

Zein izan duzu irakasle ibilbide horretan?

Donostian lanean nintzen bitartean Iñaki Alvarezekin egon nintzen hiru urtez, gero Apezetxea eta Sobrinorekin sei urtez aritu nintzen udako ikastaroetan eta Maite Unzurrunzagarekin ere ibili  nintzen. Hortaz gain, aurkitzen nituen arte liburu guztiak erosten nituen eta aukera nuen bakoitzean museoak bisitatzen nituen, beti ikasi dut aunitz begiratuz.

«Abstrakzioak bertze mudnu bat ireki zuen niretzat»

Hasiera batean paisaiak margotzetik eta inpresionismotik abstrakziorako bidea egin duzula erran daiteke?

Bai, nire bidea paisaiatik, hau da, figuraziotik abstraziorako bidea izan da. Naturak garrantzi handia du niretzat eta lehenago hori nuen inspirazio iturri. Baina momentu batean zerbait aldatzen hasi zen eta lehenago deitzen nindutenek ez ninduten asetzen, bertze zerbaiten beharra sentitzen nuen, nahiz eta ez jakin nondik bota. Reina Sofia museora egindako bisita batean, laugarren solairuan ziren artelan abstraktuak ezagutu nituen eta aspaldiko partez barruan zerbait txaloka hasi zitzaidan. Honek bertze mundu bat ireki zidan. Nire lana espresionismo abstraktuaren barrenean dela erranen nuke eta sormena ahalik eta guttien zentsuratuz saiatzen naiz lan egiten.

«Nire bidea paisaiatik, hau da figuraziotik abstrakziorako bidea izan da»

 

COVID-19ak zer eragin izan du zure lanean?

Covida denentzat prozesu gogorra izan da baina ni prozesu hagitz gogor batetik ateratzen ari nintzen pandemia ailegatu zenean, ordurako nire bizia geldirik zen. Urte bat lehenago ohatzean pasa nituen zenbait hilabete, lesio bat izan nuelako. Denbora horretan gauza aunitz paratzen dira mahai gainean eta garrantzizkoak diren gauzen neurria aldatu egiten da. Hagitz prozesu gogorra izan zen baina hagitz eskertua naiz bizia arront desberdin ikusten baitut orain eta aunitzez ere libreagoa sentitzen naiz.

Halere ez zara geldirik egon denbora honetan…

Bitxia da, baina niretzat urte positiboa izan da lan aldetik, iaz Kultur Pilulak egitarauan parte hartu nuen Beran eta horren ondotik, Miarritzen erakusketa izan nuen. Geroztik Pau ondoan den Nay herrian izan zen erakusketa, gero Andoaingo Bastero kulturgunean, udan Donostian Juan Txillidarekin Ekain galerian eta orain, Arteztu galerian Donostian berriz.

«Bitxia da, baina lan aldetik urte positiboa izan da hau»

Pinturaz gain, bertze arte-diziplinaren bat probatu duzu?

Margotzen ibili naiz batez ere, grabatua eta serigrafía ere ukitu ditut eta hagitz ederrak iruditu zaizkit biak, baina lan on bat egiteko bertze gauzak utzi beharko nituzke eta oraingoz ez dut horretarako momentua aurkitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun