Eltxo tigrearen ugalketa prebenitzeko jardunaldia eginen dute Beran irailaren 29an

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 24a, 17:00

Intsektu hau munduko 100 espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan sartua dago eta jardunaldi hau gai honekin interesa duten beratarrei zuzendua da. Hitzordua heldu den asteazkenean finkatu dute, hilak 29, Berako kultur etxean, 19:00etatik 20:00etara.

Jardunaldi honetan eltxo tigreari buruzko oinarrizko informazioa emanen dute eta, bidenabar, moskito honek sortzen dituen arriskuak eta arazoak azalduko dituzte.

Gobernuko teknikariek azalduko dituzte azkeneko urteotan moskito honendako tranpak jarrita Beran egin duten segimenduari buruzko datuak, urteen joanean erregistratu den bilakaera eta aurkikuntzen berri emanez.

Jardunaldiaren aurkezpena Aitor Elexpuru alkateak eginen du eta alderdi teknikoari dagozkion azalpenak Teresa Ferrer Gimenok eta Beatriz Agudo Garcíak emanen dituzte (Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Osasuneko arduradunak). Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikaria den Joseba Goikolea doktoreak ere lagunduko du jardunaldia.

Zer dira eltxo tigreak eta nola jokatzen dute

Eltxo tigrearen berezitasunetako bat da emeek ez dituztela arroltzeak uretan jartzen, ur-mailaren gainetik edo urpean egon ondotik agerian gelditzen diren eremu lehorretan baizik. Horrek arrain eta anfibio harraparietatik libre uzten ditu arroltze horiek eta, beroarekin eklosionatu ondotik, izurrite bihurtzen dira.

Moskito emeak, ziztadak egiten dituztenak, neurri txikikoak dira, kolore ilunekoak eta toraxean marra zuriak dituzte. Normalean egunez egiten dituzte ziztadak, baina egunsentian eta iluntzean aktiboagoak izaten dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun