Kilometro bateko bideak Lesaka Europako Eurovelo sarearekin lotuko du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, eta Lesakako Udalak 464.952,74 euroko inbertsioa jasotzen duen elkarlanerako hitzarmena zinpetu dute; 340.000 euro Nafarroako Gobernuak inbertituko ditu. Topaketan izan dira Bernardo Ciriza kontseilaria, Berta Miranda, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea.
Proiektatutako ibilbideak 1,07 kilometroko luzera eta 2,5 metroko zabalera izanen du, eta bi bizikleta aldi berean igarotzeko aukera emanen du. Bide osoa NA-4000 errepidearen eskuinaldetik joanen da, Lesakatik Bereaura begiratuta. Lesakako hirigunera sartzeko Tomaseneko bordako biribilgunean hasiko da.
Bide berri hori proiektuaren eremuan integratzeko, lehendik dagoen bidea aprobetxatuko da, Onin ibaiarekiko paraleloan, zeinak baso-eremu bat zeharkatzen baitu lehendik dagoen Eurovelo ibilbidearekin bat egin arte, eta lehen zatia galtzada partekatuko duen errepidera egokituko da.
Lanak 2022ko martxoa baino lehen bukatzea aurreikusi dute eta, hormigoi armatuzko eta harri-lubetazko hormak eginen dituzte, eta lursaila tratatu eta saneatuko da. Horretarako, lehen esleipena hutsean gelditu zen eta orain karrikaratu du bigarrena Lesakako udalak. Hasierako prezioa 464.300,06 eurokoa da (gehi BEZa) eta proposamenak urriaren 3ra bitarte aurkez daitezke.
Eurovelo Europako sarea, 70.000 kilometroko bizikleta ibilbideak
Eurovelo Bizikleta Bideen Europako Sarea Europa osoa lotuko duten bizikleta-ibilbideen sarea egiteko proiektua da. Guztira, 70.000 kilometroko 15 bizikleta-bide dira, eta Europar Batasuneko herrialde guztietatik igarotzen dira.
Lesakan egingo den jarduketaren helburua da Nafarroako herria Eurovelo 1 ibilbidearekin lotzea eta Kosta Atlantikoaren Ibilbidea erraten zaio. Ipar lurmuturrean hasi eta Caminhan (Portugal) bukatzen da,11.000 kilometroko luzera du eta sei herrialde zeharkatzen ditu: Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Portugal eta Espainia. Eurovelo 1 Gipuzkoatik sartzen da estatu espainiarrean, Bidasoko bide berdetik, Lesakako bizikleta-bidearekin etorkizunean izanen duen loturaraino.
Nafarroako Gobernuarentzako mugikortasun seguru eta iraunkorreko estrategiak funtsezkoak dira jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako. Beraz, Lesakan eginen denaren moduko jarduerak garatzea garrantzitsua da herritarrek joan-etorriak segurtasunez eta jasangarritasuna errespetatuz egin ditzaten errazteko.