Arantzako liburutegia astelehenetan eta asteazkenetan irekitzen dute, 16:30etik 18:00etara, eta Arantzako Udalak jakinarazi duenez, lanak egiteko mahaian gehienez sei lagun egoten ahalko dira eta sofan lau. Neurriak jarraituz, eskuak desinfektatzea eta musukoa paratzea beharrezkoa izanen da. Hori horrela, «liburutegiaz gozatzeko» deia egin du.
Horrekin batera, herritar talde batek irakurketa taldea sortu nahi du liburutegian. Euren asmoa liburu bat aukeratu eta taldekideek liburu bera leitzea da, ondotik hilabetean behin elkartu eta horri buruz solastatzeko. Oraingoz, hilabeteko azken ortzegunetan, 18:00etan bilduz hasi nahi dute eta irailaren 30ean eginen dute lehenbiziko hitzordua, 18:00etan liburutegian.