Putzu Beltz ur-jauziko pasabidea arautu du Arantzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 3a, 11:00

Arantzako Putzu-Beltz ur-jauzia.

Gero eta bisitari gehiago heldu direla ikusita, Putzu Beltz ur-jauziko pasabidea ibilgailu motordunentzat arautzea erabaki du Arantzako Udalak. Ordenantza aste honetan sartu da indarrean eta hala, herritarrek eta baimena duten batzuek izan ezik, gainerakoek oinez egin beharko dute herritik Putzu Beltzerako bidea.

Osiña eta Larreta karriken arteko bidegurutzetik Azkilarrea eta Aientsa auzoetara doan auzo-bideari eta medikuaren kontsultategitik Azkilarreara doan bideari eraginen die ordenantza honek. Salbuespen kasuak kenduta, bi eremu horietan ezin izanen da ibilgailu-motordunekin pasatu.

Pasatzeko baldintzak

Ibilgailu motordunak pasatzen ahalko dira baldin eta ibilgailuan doan lagunetako batek baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

  • Arantzan erroldatua egotea.
  • Ohiko bizilekua Arantza izatea.
  • Azkilarrea edo Aientsa auzoetako landetxeren batean ostatu hartua izatea.
  • Azkilarrea edo Aientsa auzoetan lurrak edo ondasunak izatea.
  • 6 urtetik beherakoa izatea.
  • 70 urte baino gehiago izatea.
  • % 33tik goitiko desgaitasuna egiaztatua izatea.
  • Gainerako arrazoi justifikatuak, hala nola, lan edo osasun arrazoiak.

Beraz, ez da ibilgailu motordunak pasatzea baimenduko, bidarietako batek ez badu betetzen baldintza horietako bat guttienez. Larritasunaren arabera, araua hautsiz gero, 50 eta 300 euro arteko isuna paratuko dute. Dena den, 15 egun pasatu aitzinetik arau-hausleak isuna ordaintzen badu, erdira murriztuko dute isuna.

Arantzako Udalak joan den ekainaren 22an egindako osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batez ordenantza. Gero jende aitzinean egon zen 30 egunez, eta epe horretan inor ez zuenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onartua gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun