Lesakako 26 atari eta 243 etxebizitzetarako energia gastua murrizteko Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 17a, 20:00
Nasuvinsako teknikariak gaur bildu ziren zenbait bizilagunekin Lesakako herriko etxean.

Lesakako Udalak, irailaren 16an egindako bilkuran aho batez onartu zuen Nasuvinsarekin lankidetza hitzarmena onartzea. Hitzarmen honen helburua, Lesakako pisu edo etxebizitza-blokeen energia gastua murriztea da. Denetara 26 atari eta 243 etxebizitzetan hain zuzen ere.

Proiektu honen helburua hautatutako bizitegi parkearen energia berroneratzeko proiektuen dinamizazio eta laguntza lanak egin ahal izatea da helburua. Horrela, hitzarmenarekin, alde batetik jarduera koordinatuak abiaraziko dituzte, helburu hauetarako: Bizitegi eraikinen birgaitze energetikoa, instalazio termikoak hobetzea, eraginkortasun handiko instalazio alternatiboak sustatuz, eraikinetan energia berriztagarriak gehitzea eta erabilera publikoko espazioa hobetzea eta egokitzea. Bertze aldetik aipatu helburuak erdiesteko Nasuvinsaren eta Lesakako Udalaren betebeharrak finkatu dituzte.

Hitzarmen hau 2024ko apirilaren 30a arte egonen da indarrean Nafarroako Gobernuaren Elena-Primavera proiektuaren bukaerarekin bat etorrita.

Nasuvinsak teknikaria bideratuko du Lesakara

Modu honetan Nasuvinsak epe honen barrenean teknikari bat bideratuko du Lesakara, zerbitzu hauetarako: Energia berroneratzeko proposamenak zehazteko laguntza hautatutako eremuetan; prozesuak abian paratzeko hasierako dokumentazio teknikoa egitea, talde tekniko esleipendunei jarraipena egitea eta laguntza ematea, jabeen erkidegoei eta udalari laguntza ematea esku-hartze orokorreko proiektuak garatzen eta onartzen laguntzeko, aurreproiektuak zehaztu ondoren jabeen erkidegoendako laguntza lanak egitea birgaitze-laneko akordioak lortzeari begira, proiektuak idazteko prozesuan laguntzea, eta energia berriztagarriak gehitzen laguntzea…

Lesakako Udalak, jendearentzako arreta gune bat jarriko du Nasuvinsaren esku bilerak egiteko eta 2.420 euro bideratuko ditu Nasuvinsako teknikariaren kostua finantzatzen laguntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun