Arantzako Pelle Ttiki haur txokoa berriz ireki dute

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 17a, 11:00
Duela bi urte Pelle Ttikin hartutako irudia

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, Arantzako Pelle Ttiki haur txokoak berriz ireki ditu ateak. Aitzineko ikasturtean haur bakarrak eman zuen izena eta Arantzako Udalak bideragarria ez zela ikusita, zerbitzua alde batera utzi behar izan zuen. Ondoko urteei begira, ordea, haur gehiago apuntatuz gero, berriz ere funtzionamenduan jartzeko aukera mahai gainean utzi zuen udalak, eta halaxe izan da.

Bortz neska-mutikok eman dute izena: Joshua Arian Arauz Polanco, Suhar Sorli Lizardi, Xuban Ordoki Hualde, Lizar Eskudero Almandoz eta Alaia Madariaga Beizama.

Magalako Ttikiak enpresak hartu du Pelle Ttikiren ardura eta Ane Gurrutxaga lesakarra da haurren hezitzailea. Abuztuaren 30ean hasi zen lanean hezitzailea eta geroztik 08:30etik 13:30era aritzen da. Neska-mutikoak, berriz, irailaren 1ean estreinatu zuten guztiz itxuraldatua dagoen haur txokoa. Astelehenetik ortziralera, 09:00etatik 13:00etara ematen dute zerbitzua. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun