Berako EH Bildu udal taldearen osaketan aldaketak izan dira azken udal batzarrean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 17a, 15:00
EH Bilduko zinegotzi izateari utzi eta «adskripziorik gabeko» zinegotzia izanen da hemendik aitzinera Josu Iratzoki alkate ohia.

Arantxa Zubietak zinegotzi izateari utzi dio eta Josu Iratzokik, azkeneko agintaldian alkate izan zenak, EH Bilduko udal taldea utzi du eta talderik gabeko zinegotzia izanen da hemendik aitzinera.

Irailaren 15ean egin zen Berako udal batzarrak zenbait aldaketa ekarri zituen EH Bilduko udal taldean. Alde batetik, Arantxa Zubieta Otxotekok zinegotzi kargua utzi egin du. Horrelako kasuetan, hautagai-zerrendan ondotik dagoenak hartzen du hutsik gelditu den kargua baina, kasu honetan, ondotik zerrendan zeuden lauek ere kargu-hartzeari uko eginez idazkia aurkeztu dute Berako Udalean. Gauzak horrela, ordezko gehiagorik ez dagoenez, sortu den egoeraren berri eman dio Udalak Hauteskunde Batzorde Zentralari.

Bertze aldetik, bi agintalditan alkate izan zen Josu Iratzoki Agirrek EH Bilduko udal taldea utzi du, baina zinegotzi karguarekin segituko du. Hemendik aitzinera «adskripziorik gabeko» zinegotzia izanen da, hau da, ez da Berako Udalean dauden bi taldeetatik bakar batean ere partaide izango.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun