Topaguneko hezitzailea da Maite Arraztoa Lazkanotegi (Bera, 1997) joan den urteko urritik, eta saioak antolatzeaz, dinamizatzeaz eta materiala prestatzeaz arduratzen da Solasean egitasmoan.
Zer da Solasean?
Euskararekin zailtasunak dituzten 8-12 urte bitarteko haurrei euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzeko egitasmoa da. Bortzirietan eginen dugu, Beran eta Lesakan, urrian hasita maiatzera arte.
Zeintzuk dira egitasmoaren helburuak?
Euskararekin zailtasunak dituzten haurrei laguntza gehigarri bat eman nahi diegu. Eskolaz kanpo euskaraz harremak izateko eta euskaraz aritzeko espazio bat sortzea dugu helburu.
Helburu hauek betetzeko, nolakoa da proiektuaren dinamika?
Astero bi orduko saio bat eginen dugu. Lehen orduan alderdi ludikoarekin eta aisiarekin loturiko ekintzak eginen ditugu. Bigarren orduan, berriz, ekintza formalagoak eginen ditugu, haurren ahozkotasuna, ulermena eta idazmena landuz, bertzeak bertze. Normalean baliabide eta dinamika ludikoak, jolasak, ipuinak, kantuak... izaten ditugu euskarri gisa.
Zein da Bortzirietako haur etorkinen egoera?
Normala den moduan, etorri berriek ez dute egokitze-prozesu erraza izaten. Aunitzek betiko lagunak, ohiturak eta familia gibelean utzi dituzte eta, hortaz, aldaketa handiak bizi dituzte. Aldaketa horien guztien artean, euskarak bertze erronka bat suposatzen du. Izan ere, eskolan beharrezko harrera eta laguntzak jasotzen dituzten arren, eskolatik kanpo aunitzek ingurugiro erdalduna dute eta horrenbertzez, ez dute etxean ez inguruan beraien prozesu akademikoarekin eta hizkuntzaren garapenarekin lagunduko dien inor.
Nola laguntzen die egitasmoak sozialki?
Egitasmoak sozialki harreman berriak sortzen eta, bereziki, ulertuak sentitzen diren gune bat aurkitzen laguntzen die. Egitasmoan hainbat adin, eskola eta egoeratako haurrak biltzen dira, eta horietako batzuk egoera beretsua bizi izan dute eta beraien esperientzia konpartitzen dute. Gainera, hainbat adin eta eskolatakoak direnez, bata bertzeari elkarren lagunak aurkezten dizkiete. Giro hagitz polita sortzen da.
«Zailtasunak dituzten haurrei euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzen dizkie programak»
Bertzetik, egitasmoan betitik herrikoak diren haurrak ere baditugu, familian ingurugiro erdalduna dutelako edo euskararekin zailtasunak dituztelako, eta hauek ere herria eta bertako haurrak ezagutarazten laguntzen diete. Orokorrean, aunitz laguntzen diote elkarri eta eskolatik kanpo edo jolas garaian maiz elkartzeko ohitura dute.
Eta akademikoki?
Arlo akademikoan, egitasmoak eskolatik kanpo bi ordu euskaraz aritzeko aukera ematen die. Era honetan euskara ez da soilik eskolako testuingurura mugatzen, aisialdian eta lagun artean euskara praktikatzen segitzen dute.
Herritarren artean integratzen laguntzen die?
Lekuko hizkuntza jakiteak bizilekuaren edo kolektiboaren parte sentiarazten zaitu. Hortaz, ttikitatik komeni da haurra bere testuinguruko hizkuntza ikastera animatzea. Gure zonaldean euskaraz jakiteak sozialki nahiz laboralki ateak ireki ditzake, eta atzerritar helduak ere aukera hauetaz baliatzeko eskubidea dute.
Nola eragin dio koronabirusak programari?
Lehenengo urtea berezia izan zen. Ezjakintasun eta ziurgabetasun handia zegoen, baina orokorrean ongi moldatu ginen. Printzipioz koronabirusak ez du haurren arteko harremanean eragin. Hala ere, egia da egitasmoz kanpoko haurrekin ezin izan ginela elkartu eta zenbait ekintza edo jarduera ezin izan genituela egin. Aurten egoerak hobera egitea espero dugu.
Eskualdean bertze programarik egin duzue?
Udan Bortzirietako herri guztietan udalekuak antolatzen dira. Udalekuek egitasmoaren helburu bera dute, hau da, inguru erdalduna duten haurrei eskolatik kanpo euskaraz aritzeko espazio bat ematea eta euskara ludikotasunarekin lotzea.
Zer asmo ditu Topaguneak etorkizunerako?
Posible bada, programa indartzea eta euskaraz zailtasunak dituzten haurrei laguntza gehigarri hau ematen segitzea.