Hirugarren mailako hirugarren partidan lehen puntua lortu du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 16a, 07:02
Jon Ubiriaren golak hirugarren mailako lehen puntua eman zion Beti Gazteri. Argazkia: Luis Iturrioz

Bana berdindu zuen Lesakako futbol taldeak Urdulizen (Bizkaia) asteazken arratsean, Jon Ubiriaren golarekin.

Hirugarren partidara arte esperatu behar izan du, baina badaki Beti Gazte futbol taldeak hirugarren mailan lehen puntua lortzea zer den. Asteazken buruzuri bateko gau partean lortu zuen Urdulizen (Bizkaia), Urduliz Futbol Taldearekin bana berdindu ondotik.

Partida polita egin zuen Beti Gaztek eta gehiago ere merezi izan zuen. Halere, bizkaitarrak aitzineratu ziren markagailuan, partida bukatzeko hamar minutu falta zirela eta 86. minutuan berdindu zuen Jon Ubiriak. Igande honetan, bide horri eusteko aukera izanen du Beti Gaztek Mastegin, bigarren B mailatik jautsi berria den Leioaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun