Urriaren 13an klima aldaketaren inguruko erakusketa ikusgai Etxalarko kultur etxean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 14a, 13:00

Moldaera: klima-aldaketaren aurkako beste borroka bat izeneko erakusketa Etxalarko Kultur Etxean egonen da urriaren 13an. Erakusketa Nafarroako Gobernuak antolatua da eta klima aldaketaren aitzinean Nafarroan hartutako neurriak eta egoeraren datuak azalduko ditu.

Datozen asteotan Larraunen, Elon, Etxalarren eta Garraldan izanen da Moldaera: klima-aldaketaren aurkako beste borroka bat erakusketa, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren eskutik. Irailaren 16an Larraunen izanen da erakusketa, urriaren 1ean Elora joanen da, Etxalarrek urriaren 13an hartuko du eta azaroaren 18an Garraldara mugituko dute.

Aldaketa klimatikoak dakartzan ondorioak azalduko dituzte erakusketa horretan, gizartea prestatzeko eta egokitzen hasteko helburuarekin. Hala ere, mezu argia du; egokitze hoberena gasen isuriaren murrizketa da, gasa baita klima aldaketaren sortzaile handienetako bat. Hainbat herritan ibili da orain arte erakusketa, horien artean Bertizko Parkean.

Nafarroako Gobernuak hainbat proiektu abiatu ditu aldaketa klimatikoak dituen ondorioak murrizteko, haien artean tenperatura altuek osasunean dituzten eragin kaltegarrien kontrako prebentzio plana eta bertako fruta-arbolen eta landareen berreskuratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun