Bortz ehiza-postu aterako dira bigarren enkantera gaur Etxalarren

Bigarren enkantean bortz postu aterako dira gaur arratsaldean Etxalarren.

Irailaren 4an hutsean gelditu ziren hiru postuez gain, sesta emandako bertze bi.

Joan den ortzirale eguerdira bitarte zegoen Etxalarren irailaren 4ko lehen enkantean emandako postuei sesta emateko aukera, hau da, hasierako behin behineko prezioari gutienez seiren bateko hobekuntza emateko. Ez zen mugimendu handirik izan, baina azken orduan, 11 eta 21 postuei sesta eman zieten. Hutsean gelditu ziren bertze hiru postuekin batera lehiaketara aterako dira gaur 19:00etan.

Txorilepoko hamaikagarren postua izan zen lehen enkantean garestien emandakoa, 4.590 eurotan, 121 tantoko hobekuntzaren ondotik. Ez zirudien behin behineko prezio horri inork hobetuko zuenik, baina sestaren ondotik, gaur arratsaldean eginen den bigarren enkantean hasierako prezioa 5.355 eurokoa izanen da.

21. postua hasierako prezioan eman zen irailaren 4an, 1.710 eurotan, baina orain, sesta eman eta 1.995 eurotan aterako da gaurko enkantean

Bi postu hauek, hutsean gelditu ziren 15, 16 eta 17 postuekin batera emanen dira gaur behin betiko enkantean. 19:00etan Etxalarko Kultur Etxean da hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun