Nafarroako ingude altxatze txapelketa hamaikagarrenez irabazi du Maika Ariztegi iturendarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 13a, 14:00

Gizonezkoen artean Iosu Marturet nagusitu zen eta hirugarren mailako aizkora txapelketan Iker Gorriti.

Nafarroako ingude-altxatze txapelketak jokatu zituzten larunbatean Berako Eztegara pilotalekuan. Emakumezkoen artean Maika Ariztegi iturendarra nagusitu zen eta hamaikagarren txapela lortu du. Gizonezkoetan, Josetxo Urrutia leitzarrak ezin izan zuen bere hamargarren txapela jantzi eta bigarren izan zen Antsoaingo Iosu Martureten gibeletik. Hirugarren mailako aizkora txapelketan, berriz, Iker Gorriti nagusitu zen.

Emakumeak 9 kiloko ingudearekin aritu ziren lanean, minutu eta erdiko txandan. Maika Ariztegi iturendarra izan zen indartsuena, 94 jasoaldi eman baitzituen. Esti Gastearena sunbildarra bigarren izan zen (85 jasoaldi) eta Antsoaingo Irune Biurrun hirugarren (84 jasoaldi). Podiotik altxaldi bakarrera gelditu zen Xanta Sousa lesakarra (83 jasoaldi) eta bosgarren izan zen Nerea Sorondo beratarra (81 jasoaldi). Xanta Sousak txingekin erakustaldia ere egin zuen.

Hamaika txapel eta Nafarroako errekorra

Maika Ariztegik hamaikagarren aldiz jantzi du Nafarroako ingude-altxatze txapelketa. Duela hamazazpi urte jantzi zuen lehenbizikoa, 2004an, eta geroztik 2009, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2021ekoa irabazi ditu. Nafarroako errekorra ere Iturengo kirolariak dauka, 2014ko txapelketan 99 altxaldi egin baitzituen. Euskadiko txapelketa ere lau aldiz irabazi du (2014, 2016, 2017 eta 2018). Euskadiko errekorra Karmele Gisasolak jarri zuen 2020ko txapelketan (97 altxaldi, baina kontuan hartu behar da Euskaldiko txapelketan hamar kiloko ingudea erabiltzen dela eta Nafarroako bederatzi kilokoa).

Gizonezkoetan Iosu Marturet txapeldun bigarren urtez segidan

Gizonezkoen ingude-altxatze txapelketan Leitzako Josetxo Urrutia zen eskualdeko ordezkari bakarra. Ezin izan zuen bere hamargarren txapela lortu eta bigarren izan zen, joan den urtean ere txapeldun izan zen Antsoaingo Iosu Martureten atzetik. Marturetek 87 altxaldi eman zizkion 18 kiloko ingudeari minutu eta erdian, eta Urrutiak 83. Hirugarren postua Berriozarko Imanol Martinentzat izan zen (79 altxaldi) eta laugarrena Guadalajarako Angel Albarranentzat.

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketan Iker Gorriti txapeldun

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala ere jokatu zuten larunbatean Beran. Uharte Arakilgo Iker Gorriti izan zen txapelduna eta berekin batera, Iturgoiengo Josu Santamaria igoko da bigarren mailara. Bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko mozteko 10 minutu eta 29 segundo behar izan zituen txapeldunak eta 10 minutu eta 47 segundo txapeldunordeak.

Hirugarren posturako lehian, Victor Suarez madrildarra (12.07) hamaika segundogatik nagusitu zitzaion Endika Goia beratarrari (12.18). Finaleko beteranoena, Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea bosgarren izan zen (13.20).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun