Asteburuetan «herri erdian egiten dituzten parrandak» direla eta, «errespetua» eskatu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 10a, 10:00

«Asteburuetan ordu ttikietan gertatzen diren jokaera batzuk» tarteko, udaletxean herritarren «hainbat kexa» hartu dituztela jakinarazi du Berako Udalak. Dioenez, «ostatuak ixten dituztenean, pertsona batzuk karrikan ibiltzen dira besta egiten eta edanean. Musika ere paratzen dute besta animatzeko, eta zarata ohikoa izaten da».

Besta horiek «herri erdian» egiten dituztela gaineratu du udalak, «etxebizitzak dauden tokietan» eta «etxean dagoenak ezin du lorik egin». Azaldu duenez, «ez da asteburu isolatu batean gertatu. Zoritxarrez, errepikatzen den kontu bat da», eta «deskantsurako» bizilagunek duten «eskubidea urratzen» dela dio Berako Udalak. «Besta egin eta ospatzea ongi dago, baina arduraz, noski».

Gaiaren harira, «inplikatu guztiei hausnarketa egiteko eskatu» die udalak, «begirunez jokatzeko, eta guztiok deskantsurako dugun eskubidea errespetatuz». Horrekin batera zera gaineratu du: «herriko bizilagunen bizikidetzaren onerako, espero dugu hemendik aitzinera honelakorik ez errepikatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun