Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketan herriko aizkolari bat lehian ikusteko aukera izanen dute, Endika Goia aritzekoa baita. Goia bigarren izan zen Etxalarren abuztuaren 29an egindako kanporaketan, Victor Suarez madrildarrarekin batera. Beraiekin batera, Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea, Iker Gorriri eta Iosu Santamaria ariko dira txapelkaren bila. Lehen bi sailkatuak mailaz igoko dira. Bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte.
Ingude txapelketak
Emakumezkoen ingude altxatze txapelketan, minutu eta erdian 9 kiloko ingudearekin ariko dira. Txapelaren bila aterako diren bortz emakumeetatik bortz eskualdekoak izanen dira: Maika Ariztegi iturendarra, Esti Gastearena sunbildarra, berriki txinga eramate txapelketa irabazi duen Xanta Sousa lesakarra eta Nerea Sorondo beratarra. Antsoaingo Irune Biurrun izanen da bosgarren lehiakidea.
Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin ariko dira, minutu eta erdian. Hemen eskualdeko ordezkari bakarra izanen da, Josetxo Urrutia leitzarra. Nafarroakoa bederatzi aldiz irabazia du, inork baino gehiago eta Euskal Herriko txapeldun ere izana da. Berekin batera, Antsoaingo Iosu Marturet, Berriozarko Imanol Martin eta Guadalajarako (Espainia) Angel Albarran ariko dira.