Lanak Sasoi eraikuntza enpresak eginen ditu eta abenduaren 23rako burutuak izan beharko ditu. Hasierako aurrekontua 608.817,54 euroko (gehi BEZa) baldin bazen ere, 532.410,93 eurotan (gehi BEZa) eginen ditu. Aurkeztutako hiru enpresen artean eskaintzarik onena Sasoiena izan zen. Lanen erredakzioa Gotzon Olarte arkitektuak egin du, 14.900 eurotan (gehi BEZa) eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolaketa zuzendaritza nagusiaren eskutik 10.000 euroko dirulaguntza izanen du udalak, hirigintza berritzailea sustatzeagatik. Obren zuzendaritza Igor Lopez de Uraldek eta Beñat Alemanek eginen dute, 14.420 eurotan (gehi BEZa).
«Hiru zatitan eginen da lana»
Ladis Satrustegi alkateak aipatu digunez, hiru zatitan ekinen diote lanari. «Lehenbizikoan Beheko Plaza eta udaletxearen aitzinaldea eginen dituzte, bigarrenean Plaza Zaharretik Matxinbeltzenea aldera doan karrikarena eta hirugarrenean zeharbidea den zatia, plazatik Albistur karrika aldera doan zatia». Zati honetarako hitzarmena sinatzekoa dute udalak eta Herrilan Departamentuak eta dirulaguntzaren bat espero da.
Espaloiak zabaldu eta ibilgailuen abiadura murrizteko zola aldatzeaz gain, telekomunikazio, argiteria eta bertze sareetarako kanalizazioa prestatuko dute.