Irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen martxa bat antolatu du Sarek. Gauez eta egunez ibiliko dira, Lesakatik Berriozarrera. Presoen etxeratzea eskatuko dute: «Denak, behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu» aipatu zuten larunbatean Lesakan egindako aurkezpenean.
«Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, norabait iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian». Eta bide hori egiteko prest dago Sare: irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen martxa bat eginen dute, Lesakatik Berriozarrera. Gauez eta egunez ibiliko direla jakinarazi zuten larunbat eguerdian Lesakan egindako agerraldian: guztira 74 errelebo eginen dituzte, 72 orduz atsedenik gabe ibiliz, 352 kilometro osatzeraino.
Sarek agerraldian nabarmendu duenez, pixkanaka bada ere aldatzen ari da euskal presoen egoera, hiru hamarkadaren ondotik. Ohartarazi dute, halere, «pertsona askoren esfortzuari esker» lortu dela hori: «Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio, eta, noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker».
Hala ere ez da lortu oraindik «presoen korapiloa erabat askatzea», Sareren erranetan. «Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu».
Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzera doazela erraten ari dira. «Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko» dio Sarek.
Nafarroako herritarrei deia egin diete irailaren akaberan hasiko den martxan parte hartzeko. «Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!».
Ibilbidea
Lesaka – Igantzi – Sunbilla – Doneztebe – Urroz – Beintza-Labaien – Saldias – Ola – Orokieta – Jauntsaras – Latasa – Irurtzun – Satrustegi – Ihabar – Irañeta – Uharte Arakil – Lakuntza – Arbizu – Etxarri – Abartzuza – Lizarra – Arellano – Lodosa – Carcar – Lerin – Larraga – Tafalla – Tiebas – Ezperun – Agoitz – Garralda – Zubiri – Larrasoaña – Ilurdiotz – Atarrabia – Burlata – Txantrea – Alde Zaharra – Donibane – Errotxapea - Berriozar