Efren Martin adituak gidatu zituen goizeko eta arratsaldeko saioak, eta aldi honetan, Mikel Diaz Nafarroako Gobernuko teknikaria eta Joseba Ibargurengoitia Euskal Herriko Hazien Sareko ordezkaria ezin izan ziren etorri. 17 lagunek parte hartu zuten Argatsoro parajean egin zen goizeko ikastaro teorikoan. Txerto motak izan zituzten hizpide, uda akabailako garai honetara egokituak. Adar begian egiten diren txertoak egin zituzten, orain udan, izerdia mugitua dutelarik egiten dira txerto hauek. Horrez gain, udaberrian eginiko txertoek izan duten bilakaera ikusi eta ze lan egin behar diren landu zuten: kimaketak, zein adar utzi zein kendu… Parte-hartzaileak, bakoitza bere etxean, probak egiten arituak ziren eta mentu batzuk hartu zituzten probekin buru-belarri lanean segitzeko.
Arratsaldeko saio teorikoan, berriz, hamar lagun elkartu ziren eskolako gimnasioan. Gaztainen gaitz eta plagen inguruan mintzatu zen Efren Martin aditua eta solasaldi interesgarria izan zen.
Arantzako Udalak jakinarazi duenez, jarduera honek segida izanen du; heldu den negu akabailan edo udaberri hasieran eginen dute hurrengo saioa.