Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko lehen proba egin zuten buruilaren 5ean, igande goizean Igantzin, Igantziko Biltoki elkarteak antolatua. Bero sargoriari aurre eginez emakume nahiz gizon andana hurbildu zen Euskal Herriko hainbat txokotatik. 5,96 kilometroko mendi lasterketa egin zuten lehenik, 13,72 kilometro mendi bizikletaz ondotik, 2,93 kilometro lasterka bukatzeko. Argazkiak: Oskar Txoperena
Bakarka Iñaki Isasi Robles izan zen bizkorrena (1.43.15), Paul Bereziartua Plaza bigarren (1.44.38) eta Josu Urrestarazu Garcia hirugarren (1.49.12).
Erreleboka berriz, Sunbillako Koldo Herrera Urroz eta Aitor Blanco Urmeneta izan ziren bizkorrenak (1.34.42), bigarren Asier Aburuza Belamendia eta Enaitz Roteta Erkizia (1.41.52) eta hirugarren Ibai Ormaetxea Ezpeleta eta Xabi Abasolo (1.42.04).
Duatloi ttikia ere egin zuten
Proba hau herrian zela aprobetxatuz, Igantziko haurrek ere Duatloi ttikia egiteko aukera izan zuten.
Lerro hauen bitartez bertan parte hartu zuten emakume, gizon, neska eta mutikoei eskerrik beroenak, egun sargori horretan egin zuten esfortzuagatik.